Beste bizitza batean_16

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 21:32

Hurrengo astean Bilboko psikologo baten aitzinean nengoen. Bi ordu hizketan  igaro ostean, hura ez zela bere arloa esan, eta aditu baten telefono zenbakia luzatu zien gurasoei.

Hurrengo egunean, Bilbon berriz ere, psikiatra ospetsu bezain garesti baten aurrean nintzen. Zur eta lur geratu zen entzuten zuenarekin. Ez zuen ulertzen nola zortzi urteko mutiko batek horrelakorik esan zezakeen, nola jakin nezakeen hainbeste kontu antzinako kontuez.

Gizonak galdetu zidan zertan egiten nuen jolas.

-Non, eskolan ala etxean?

-Etxean. Hortik hasiko gara.

Kontatu nion horrela ni Nintendon jolasten nintzela. Kontatu nion Nintendo DS berri-berria nuela, azken modeloa eta joko asko nituela. Azaldu egin nizkion etxean nituenak, izan ere, amamaren etxean joko gehiago bainituen.

-Badaukat –esan nion- Kirby jokoa, eta Indiana Jones, eta Zelda, eta Nintendo Dogs, eta Super Mario, Mario Party, Mario Kart eta Vecinos Invasores; baina gehien gustatzen zaidana Kirbya da. Datorren urterako R4a eskatu diot Olentzerori.

Beraz, sendagileak eskatu legez, azaldu egin nizkion joko haiek guztiak. Goiz osoa eman genuen hizketan. Mediku-gelatik irten zenean, amari azaldu zion irudimen handiko mutila nintzela, baina ez zuela ezer arrarorik ikusten. Ezer ere ez.

Baina, halere, auzoko kuxkuxeroek ez zuten horrelakorik pentsatu izan, eta egun gutxitan albistea herriko etxe guztietan zabaldu zen. Jendea esaten hasi zen erotu egin nintzela eta eroetxera eraman izan nindutela. Gure familiak herriaren inkisizioa nozitu zuen. Batzuek asmatu zuten gure familian betidanik izan direla sorginak.

Azak ontzeko, eskolan burlaka zebilzkidan denak, baita nire gelakoak ere, eta, hortaz, bolada batean utzi egin behar izan nuen, giroa baretu arte.

Niretzat txarrena, aldiz, beste zerbait izan zen. Iragarkia burutzeko beste mutiko bat topatu zuten. Horrela, nahi gabe, galdu egin nuen Hollywoodeko ateak zabalduko zizkidan aktore etorkizun paregabea izateko abagunea. Horren ordez, hilabete egon behar izan nuen etxean, apenas kalera irteteke. Eta hura guztia baserri hari buruz gogoan nuen dena esateagatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide