Beste bizitza batean_18

Juan Karlos Merino 2013ko eka. 4a, 21:28

Baina nik ez nuen etsi. Ezin nuen saihestu. Amore eman gabe segitu nuen kontatzen gure bizimodua baserri zahar hartan. Hori dela eta, seguruenik, familia osoa hasi zen gaixotzen, nire erruz. Ez zen erreza egoera. Inork ez ninduen ulertzen. Nondik ateratzen nuen hura guztia? Eta, batez ere, zergatik ari zen gertatzen?

Bartzelonako psikiatra horrek, parapsikologian aditua zen berorrek ere ez zuen sinetsi nahi izango. Ez hasieran bederen. Baina gustura entzuten zidan beti. Gizon atsegina zen, eta nire gainean tesia eta dibulgazio liburuak argitaratu zituen parapsikologia arloan. Jordi zuen izena.

-Jordi, zuk sinesten didazu, ezta?

-Ez gaizki hartu, baina nahiago dut ez erantzun.

Beste sei hilabete iragan ziren Bartzelonara tarteko bidaiak egiten. Azkenik, inork sinesten ez zidanez, neuk topatzea deliberatu nuen.

Ahal nuenean txangoak egiten nituen herriko mendi inguruetan. Horrela, tokiaren bila hasi nintzen inguruko mendi-hegiak miatuz. Bost hilabete barru, larunbat goiz batean mendiko botak hartuta jo nuen bailaratxo batean gora. Kukuerri aldean nenbilela hara non, eta ezagunago egin zitzaizkidan bazterrak. Hura poza! Pare bat ordura, mendian gora eta behera ibiliz topatu nuen gunea. Bai, hura zen lekua. Huraxe bera. Aurkitu egin nuen, azkenik. Baina, ez nengoen erabat seguru. Hain aldatuta zegoen! Hain desberdina zen guztia! Atsekabeak jo ninduen. Eta luze begiratu ondoren, baserri zaharraren ordez, harri zahar batzuk besterik ez nuen idoro.

Etxera itzuli eta dena kontatu ostean, aita-amekin bueltatu nintzen lekura.

-Hementxe da, aita. Hementxe izan behar du.

Harriak eta lurrak harrotu bezain azkar azaldu ziren lehenengo aztarnak. Aitak agintariei eta iragarkikoaren arduradunari hots egin zien berehala. Hantxe azaldu ziren guztiak, banaka-banaka. Batzuk gogo txarrez.

Gero, ikusia ikusita aitortu zuten, antzinako hondakinak izan zitezkeela eta ikertu egingo zela. Bostekoa luzatu ziguten. Denok pozik. Gure aitak, harro, zelako besarkada eman zidan.

-Ez zaude burutik, seme! Ez zaude!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide