Jai eon. Alferrik izan. "Irekin jai zeok emen!".

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mundua aldatzeko ideiak izeneko jardunaldiak egin dituzte Bilbon. Lehen begiratuan, nabarmena da antolatzaileek detaile guztiak zaindu dituztela: gonbidapenak, Euskalduna Jauregiko egoitza dotorea, hedapena sare sozialetan,streaming bidezko zuzeneko emanaldiak, aldibereko itzulpena… Kulturak eta jakintzak mundua hobetzeko duten gaitasunaz hausnarketa egin dute mundu osotik etorritako lehen mailako intelektualek, hiru egunez.

Topaketa hauetako batean parte hartu dute Isabel Coixet zinegileak eta Alessandro Baricco idazleak. Saioa hastear dela, aurkezlea igo da oholtzara.  Gazteleraz egin du aurkezpen osoa. Aldiz, alboan dituen pantaila erraldoietan euskaraz eta gazteleraz ageri dira izenburuak:Ideas para cambiar el mundo / Mundua aldatzeko ideiak.  Dena ez dago galduta.

Ondoren, Coixet eta Bariccoren solasaldian moderatzaile lanetan ariko dena hasi da hitz egiten. Gaztelera hutsean. Bale.  “La cineasta catalana y española” gisa aurkeztu du Coixet; “el escritor italiano Alessandro Baricco”, dio ondoren. “Escritor piamontés e italiano” zergatik ez duen zehaztu ez dut oraindik ulertu.  Berotzen  hasi naiz, aire giroturik ez al dago hemen?

Isabel Coixet bere hitzaldia egiten ari den bitartean, atzeko pantailan berak esandako esaldiak irakur daitezke. Teknologia berrien abantailak. Dena  txukun, bat-batean  eta modu ikusgarrian egiten dute antolatzaileek, Fundación 2012 Fundaziokoek (“Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea” ekimenaren garapena kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako erakundea). Hori bai, esaldi guztiak gazteleraz ageri dira pantailan. Hauekin jai zagok!, pentsatu dut.  Onartu beharra daukat, euskararen presentzia anekdotikoa da hemen, eta halaxe izango da solasaldi osoan. Eta politikarien eta haren inguruko teknikarien mozolokeriaren frogak biltzen ari naizela, Alessandro Bariccok hartu du hitza eta halaxe esan du: “Italieraz hitz egingo dut, nire hizkuntza delako eta maite dudalako”.

Eskerrik asko!, esan diot, inork entzun ez banau ere. Hortxe duzue mundua aldatzeko aurreneko ideia, antolatzaile txit gorenok: hizkuntzarekiko maitasuna eta errespetua. Gainera, etxetik hasi zaitezkete lanean, nazioarteko foroetara jo gabe, edo jo aurretik, merkeago aterako zaigu eta. Eskubideak babestu nahi badituzue, hasi hiztunen eskubideekin. Eta ideiak behar izanez gero, Herrialde Katalanen adibidea jarrai dezakezue. Han, intelektualak, kazetariak, artistak, futbolariak, eta herritarrak, oro har, katalanez mintzo dira. Eta ez dute aldibereko itzulpenik behar Pep Guardiola, Lluis Llach, Silvia Pérez Cruz edo Miquel Martí i Pol  ulertzeko.

http://www.youtube.com/watch?v=5-HWceXl86o

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide