Txanbolink_6

Irene Elortza 2013ko mai. 29a, 00:06

Gaiñeako. Plater baten ostean datorrena, bigarren platera.

Krzysztof Kieslowskiren (1941-1996) ‘Dekalogoa’ ikusteko aukera dago ekainean zehar, Matadeixen. Asteartero eta jaiero, 21:00etan, zuzendari poloniarraren hamar film laburrak ematen ari da Matadeixe Zinetogram Taldea zine kluba, kafea eta opilekin lagunduta. Kristautasunaren, Jainkoaren eta fedearen inguruan 80ko hamarkadan egindako lan mardula da ‘Dekalogoa’. Hamar Aginduak oinarri hartuta, etikak gizarte posmodernoan zuen lekua aztertu zuen Kieslowskik. Horretarako, Varsoviako auzo bateko bizilagunen bizipenak kontatu zituen, eta hainbat istorio independenteen bitartez taldeko argazki trebea osatzea lortu zuen. Atal guztiek daukate loturaren bat, dela pertsonaia bat, dela kasualitateak eragindako gertaera bat… eta ikuslearentzat jolas dibertigarria izan daiteke horien bila jardutea.

Eta, gaiñeako, zine klubak denboraldiko azken filma emango du Baztartxo antzokian datorren ostiralean, ekainaren 15ean: Las malas hierbas (Les herbes folles, 2009). Beste zuzendari europar klasiko bat izango dugu, beraz, oporren aurreko emanaldian. Alain Resnais, Nouvelle Vague mugimenduaren protagonistetako bat izan zena, 90 urte bete dituen arren oraindik sasoian dagoela erakutsi du film honi esker. Hiroshima mon amour eta L´anné dernière à Marienbad filmen egileak Canneseko Zinemaldiko epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen drama erromantiko honekin.

Eta postrerako? Matadeixen urtemuga festan izango da zeluloidezko postrerik, urtero moduan.

http://mataderoekintzak.wordpress.com/2012/06/04/ekainean-kieslowsky-ren-

dekalogoa-matadeixen/

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide