DESENGAINUAK

Maxixatzen.eus 2012ko mai. 29a, 23:33

Krisiaz hitz egiterakoan nahitaezkoa da haren jatorrian dagoen ekonomia eta

gizarte sistemaz hitz egitea. Bistakoa da sistemaren ospea ez dagoela bere

garai onenean. Eragin dezakeen mina gero eta nabarmenagoa da, eta engainu

eta manipulazio hitzak gero eta erabiliagoak dira gizarteak bizi duen egoera

negargarria azaltzeko. Desengainatuta dirudi gizartearen zati handi batek.

Baina, zergatik orain hainbeste desengainu? Egoera honetara iritsi behar izan al

dugu sistemaren oinarrizko balioak zeintzuk diren jakiteko? Ez da bada izango bere

alde onaz gozatzen ari ginen bitartean (produktu-aukera amaiezinak, maileguak barra-

barra…) ez genuela ikusi izan nahi munduko beste bazterretan izaten ari zen eragin

lazgarria?

Beste mundu bat posible dela aldarrikatzen duten gizon-emakumeak aspaldidanik

ari dira lanean gizarte aurreratuen erosketa-jokabideak aldatzeko kanpainak

egiten, presio taldeen arteko aliantzak sustatzen, ezagupenak eta politika uztartzen,

hezkuntza-sistemaren garrantzia aldarrikatzen… Baina, nahiago izan dugu gure

egunerokotasunean murgiltzea, idealismoak alde batera utzita; izan ere, txikitan ikasi

genuen lez, “mundua horrelakoxea izan da beti”.

Badakit nolabaiteko mea culpa barneratzen duten diskurtso hauek ez dutela arrakasta

handirik izaten, eta badakit ere sistemaren onuraz bereziki aprobetxatu izan direnak ez

direla justu herritar xumeenak izan. Baina, askotan begiak itxi izan ditugula onartzeak

mesede egingo ligukeela uste dut, portaera arduratsuagoa izaten hasteko batik bat.

Kontsumitzaileok sistemaren giltza gara eta horrek botere ikaragarria ematen digu,

oraindik jabetu ez bagara ere. Horrexegatik, sistemaren balioak aldatzeko erabili ahal

izango genuke geure boterea, horretarako benetako borondatea izango bagenu. Hala

ere, prest ote geundeke, beharrezkoa balitz, gure bizi kalitatea murrizteko munduko

herrialde apalagoen bizi kalitatearen mesedetan?

Gustura askorik galdetuko nioke egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi den

pertsona bati zer iritzi duen gutaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide