Ramon Oñederra 'Kattu'-ren omenezko ekitaldiak hasiko dira bihar

Ane Olaizola 2023ko abe. 16a, 15:16
Arantxa Oñederra, bere anaiaren omenezko lore eskaintzan. (Ane Olaizola)

Asteartean 40 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu hil zuela, eta hura oroitzeko, xake memoriala, lore eskaintza eta hitzaldia izango dira bihar eta asteartean. Iñaki Egala historialariak, Arantxa Oñederra Katturen arrebak eta Rosario Lasa Joxean Lasa zenaren arrebak eskainiko dute solasaldia. 

Datorren asteartean, hilaren 19an, 40 urte beteko dira GALen mertzenarioek Ramon Oñederra Kattu hil zutenetik Baionako Kayetenia ostatuan, azkoitiarrak lan egiten zuen tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehen hilketa izan zen Katturena. Urteurrenaren harira, ohiko moduan haren oroimenezko ekitaldiek hartuko dute herria datozen egunetan. 

Bihar, Anaitasuna Kakute xake klubaren eskutik, Kattu Xake Memoriala izango da. Aurten, jaialdi izaera hartuko du egitasmoak, eta 10:00etatik aurrera xake partidak jokatuko dituzte Kultur Etxearen hirugarren solairuan. 

Horrez gain, Katturen hilketaren urteurren egunerako beste bi ekintza antolatu ditu Egiari GALde ekimenak. Batetik, lore eskaintza egingo diote 18:00etan, parrokiaren ondoko monolitoan, eta ondoren, 18:30ean, hitzaldia izango da Elkarguneko Intsausti aretoan, Politikotik pertsonalera izenpean. Bertan, Iñaki Egaña historialariak, Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak eta Rosario Lasa Joxean Lasa zenaren arrebak parte hartuko dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide