Pasaia gogoan

Luis Olano (Pasaiako sarraskiko kideen eta lagunen izenean) 2023ko mar. 24a, 15:56
Pasaiako sarraskia gertatu zen tokia, Donibanen. (Oarsoaldeko Hitza)

Luis Olanok honako gutun hau bidali du Pasaiako segadaren harira eta asteartean Donostiako epaitegiaren aurrean egingo duten elkarretaratzean (09:00) parte hartzeko deia eginez.

Donostiako instrukziozko 2. epaitegiak 1984an Pasaiako segadan eta fusilamenduan parte hartzeaz akusatutako hainbat polizia deitu ditu, eta horrekin, ia lau hamarkadaz luzatzen ari den bide judizial malkartsua berrabiatu da.

Jakina denez, urte hartan Rosa Jimeno Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea eta Iparraldetik zetorren taldea jasotzeko ardura zuena bahituta zeukaten Espainiako poliziek, eta tortura basatiak erabiliz lortu zuten informazioarekin segada prestatu zuten. 1984ko martxoaren 22an, txalupan zihoazen bost militante autonomoak lehorreratzen ari zirenean, tiro zaparrada jaso zuten, bat bera bizirik ez uzteko asmo garbiarekin. Hala, Pelitxo eta Pelu erailak izan ziren, eta bizirik gelditu ziren Kurro, Txapas eta Joseba atxilotuak. Ondoren, Joseba baztertu eta beste biak fusilatu egin zituzten, metro eskasera eta eskuak buru gainean zituztelarik.

Estatu terrorismoko ekintza hori, kasu honetan uniformedun indarrek burututakoa, urte haietako zerrenda luze bateko gogorrena izan zen, borroka armatua suntsitzeko PSOEren estrategiaren barnean. Ez da kasualitatea, Pasaiakoa baino hilabete lehenago, autonomoek Enrique Casasen kontrako ekintza gauzatzea GALen sortzaileetako bat izateko akusaziopean.

Ekintza hark lurrikara itzela sortu zuen bai Euskal Herriko bizitza politikoan, ezker abertzalearen gaitzespena eta greba orokorrerako deialdia barne, bai PSOEren eskuetan zegoen Madrilgo gobernuan. Felipe Gonzalezen eta Jose Barrionuevoren agindupean Estatuaren segurtasun indarrak berehala hasi ziren mendekua prestatzen, eta egun gutxira, Joseba Merinok ekintzan parte hartu zuela bazekiten. Ondoren, autonomoen beraien segurtasun akatsak zirela medio, Rosa Jimeno bahitzea lortu zuten.

Bestalde, segada prestatzeko egoera politiko egokia zegoen. Nork altxatuko zuen ahotsa, Casasen kontrako ekintzaren ondoren, gezurrak, gaitzespenak eta irainak jaso zituzten autonomoak hiltzeagatik? Aldi berean, iritzi publiko orokorraren aurrean, PSOEren jokaldi bikaina izan zen, Casasen "hiltzaileetako" bat atxilotzea eta epaitzea, eraginkortasun polizialaren bidez etorriko zela borroka armatuaren bukaera frogatzeko.

Pasaiako sarraskitik hainbeste urte igaro eta gero, badirudi egile material batzuk identifikatzeko urrats bat izan litekeela oraingo errekonozimendu saiakera hau. Hala bada, guk ez diogu garrantzirik ukatuko, baina, era berean, segadaren eta fusilamenduen erantzukizun instituzionala –kargu politikoen eta polizialen agindu kate oso baten inplikazioarekin– eta erantzukizun politikoa –orduko PSOEren mendeku gosea eta orduko ezker abertzalearen joko zikina– ez ditugu albo batera utziko, autonomoen ibilbidea zedarritu zuen gertaera historikoa gogoratzean.

Martxoaren 28an, asteartean, 09:00etan, kontzentrazioa, Donostiako epaitegiaren aurrean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide