Txukun aritu dira Zubiberriko gimnastak asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Zubi Berri 2023ko ots. 6a, 11:54

Amaia Sudupek lehen postua lortu zuen larunbatean Bergaran; pilotarekin egindako ariketan onena izan zen azkoitiarra. Nahia Urbizu, berriz, laugarrena izan zen uztaiarekin. Taldeka hirugarren postua lortu zuen Zubiberri taldeak Bergaran. Atzo, benjaminen topaketa egin zuten Azpeitian.

Zubiberri gimnastika erritmikoko taldeak Bergarako eta Azpeitiko topaketetan parte hartu du asteburuan. Larunbatean, senior, jubenil eta kadete mailako neskek Bergaran izan zuten hitzordua, eta hirugarren postua lortu zuten taldeka; banaka ere postu onak lortu zituzten azkoitiarrek. Atzo, berriz, benjamin mailako kirolarien topaketa egin zuten Azpeitian. 

Bergaran, bost uztai modalitatean aritu ziren Ainhoa Aranbarri, Maren Casa, Aitana Sanchez, Nikole Aranbarri, Amaia Sudupe eta Nahia Urbizu (ordezkoa) seniorrak; taldekako hirugarren postua lortu zuen Zubiberrik han. Banakakoan, bestalde, kadete mailako Amaia Sudupek lehen postua lortu zuen pilotarekin egin zuen ikuskizunean. Nahia Urbizu jubenil mailan aritu zen, eta hark laugarren postua lortu zuen uztaiarekin egindako lanean.

Atzo, bestalde, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko benjaminen hiru taldek parte hartu zuten Azpeitian. Esku libreko ikuskizunak eskaini zituzten taldeka Zubiberriko kirolariek. Arwa Mehdik, Nura Zalduak, Jare Odriozolak, Elene Santosek, Arene Azpitartek eta Nora Illarramendik osatu zuten Xabier Munibe Ikastolako talde bat, eta bestea, Elene Iriondok, Maialen Eginok, June Kortadik, Jule Arregik eta Nura Alberdik. Floreaga Ikastetxeko taldea, berriz, Mara Ibarmiak, Malen Etxanizek, Jare Casasek, Leire Pardok, Maimouna Sallek eta Ritaj Sadikek (ordezkoa) osatu zuten. Lan ona egin zuten hiru taldeek Azpeitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide