Barrura begira

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2022ko aza. 8a, 16:54

Yolanda Larrañagak urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulu: 'Barrura begira'.

Laguntxo, inoiz aurkitu al zara egoera oker baten aurrean zergatik okertu den jakin gabe? Erantzunik ez duten milaka galdera batera eta bestera diren heinean, barrua hustu zaigun sentsazioa dugu lagun. Goizero, eguerdiro, arratsaldero eta, nola ez, ilunabarrean, zeure isiltasun gogorrean buruari eta bihotzari galdetuz zer eta zergatik aldatu den hain polita zen egoera edo mundu hura? Nola berreskuratu galdutako ilusioa eta irribarrea?

Guztiok izango dugu halako zerbait barnean, eta errazena izan ohi da galderarik ez egitea, erantzunaren beldur garelako, agian. Has gaitezke errudun bila, batera eta bestera begira, baina batzuetan ez da errudunik izaten. Bizitza bera izan daiteke gure pozen eta tristuren errudun edota lekuko. Begira dezagun geure barnetxo isilera noizbehinka, eta senti dezagun ezkutuko sentimenduen xuxurla. Beharbada, erantzunen bat aurki dezakegu.

Bestela, naturaren kontsolamendua gelditzen zaigu beti. Zuhaitzak ere triste jarri ohi dira orain, udazkenean, hostoak erortzen zaizkienean. Itsatsita daukaten zerbait galtzen dute, lurrera erortzen da hori eta han gizakiak zapaltzen du. Manten dezagun, bada, ilusioa, zuhaitzek bezala, gure hostoek bizitza izango dutelako datorren udaberrian. Bihotz hustua bete dezatela eroritako hostoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide