Bakardadea

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2020ko abe. 13a, 08:51

Yolanda Larrañagak azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Bakardadea'.

Lehen ere noizbait idatzi dut bakardadeari buruz, hainbestek jasan eta hain gutxik hitz egiten dugun bakardadea. Baina oraingoan, etxe eta bihotz askotan sufritzen ari diren gaixotasunari deritzot. Bakardadeak ez du adinik, nahiz eta zahartzaroan gehiagok jasan. Ustekabean etorritako pandemia honek, bakardadean zegoena gehiago bakartu du. Bakardade beltz eta jasanezin horri beldurra gehituz gehienetan.

Bizitza galtzeko, ondokoak gehiago ez ukitzeko eta ez ikusteko, gehiago atetik atarira ez irtetzeko nahiz zerbait dominatu ezinaren beldurra. Bihotz taupadak ere goibeltzen ditu bakardadeak. Goibel eta etsita dagoenari irrifartxo bat ateratzea ez da erraza, baina zerbaitetarako balioko duen itxaropenez, jaso nire besarkada eta animo asko gaur beldurrez eta bakarrik dagoen orok.

Izan dezagun egoera hobetuko denaren animoa eta esperantza. Ez dakit labur edo luzerako etorri zaigun COVID laguna, ez dakit ezer positiborik aterako dugun honetatik, baina minutu batez, gogora gaitezen inguruan bakarrik eta triste sentitzen direnez eta bidal diezaiegun besarkada eta muxu bana bihotzez. Bihotzez bidalia bihotzez jasotzen baita. Ez ahaztu, bakardadean dagoena bakarrik ez dela bakarrik sentitzen. Ez zaude bakarrik. Zurekin nago lagun. Animo guztioi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide