Horixe da inporta zaidan bakarra

Erabiltzailearen aurpegia
Horixe da inporta zaidan bakarra

Hogeita bost urte iragan dira jada Donostian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan Andoni Egañak irribarrea hitzari buruz abestu zuen bederatzi puntuko bertso zoragarri hartatik gaurdaino.

Irribarrea hitzari abestu behar zion Andonik, eta honela amaitu zuen bertsoa:

«…zure irrifarra, horixe da inporta zaidan bakarra».

Andoniren ahotik azken hitz horiek entzun zirenean, bertan geunden milaka pertsonetatik asko eserlekutik jaiki eta, begiak emozioz bustiak genituen une hunkigarri hartan, txalo zaparrada batekin eskertu nahi izan genion Andoniri. Benetan ukitu ziguten bihotza hitz xume haiek. Benetan guri ere axola zaigu gure ondokoaren irribarrea, eta ezker-eskuin irribarretsu nahiko genituzke inguruko guztiak.

Orduz geroztik, askotan izan ditut hitz horiek barnean bueltaka. Nahiz eta jakitun izan askotan bertsolariek errima, momentua, entzulea, giroa eta abar kontuan hartuta abesten dutela, zerbaitegatik atera ziren hitz haiek, eta zentzua zuten nire barnean behintzat.

Ba ote da aldamenean edo gertu dugun ororen irribarrea baino gauza hoberik? Irribarre egitean, pertsonaren aurpegia erlaxatu ohi da, begiak argitu, eta ezpainak ere tentsioa galtzen dute. Hamazazpi muskulu mugitzen omen zaizkigu aurpegian irribarre bakoitzeko. Ez da hizkuntzarik irribarrearentzat: guztiek uler dezaketen zerbait da, beste hizkuntza edo kulturetako edozeinek uler dezake gure irribarrea. Hala ere, badirudi gure bizimoduan daramagun abiadak, estresak edo lanean iritsi ezinak batzuetan denbora kentzen diola irribarreari ere, baina gera dezagun momentu batean gure barrena eta pentsatu Andoniri hainbeste axola izan balitzaio aldamenean zuenaren irribarrea, aldamenean dugunari ere berdin gertatuko zaiola.

Beraz, geldi dezagun gure barneko abiada segundo batzuetan, eta eskain diezaiogun irribarrea aldamenean dugun eta axola zaigun pertsona horri. Ama, aita, seme, alaba, bikotekide, lagun edo gustuko dugun orori, bihotzez eginiko irribarrea gure ondokoaren bihotzera iritsiko den segurtasuna izan dezagun. Ordaindu behar ez den zerbait da, besteen momentua goxa dezakeen zerbait.

Hala ere, behin baino gehiagotan egiten dugu barre, nahiz eta gogorik ez izan. Barre edo irribarre faltsua deritzogu. Horretarako hainbat arrazoi egon daitezke: gure benetako erreakzioak besteei eragingo dien egoeratik babestea, gure intimitatea gordetzea edo emozio bat ez azaleratzea, besteak beste. Irribarre faltsua erabiltzen dugu kasu horietan.

Gehienetan jakin ohi dugu aurrean dugun pertsonaren irribarrea benetakoa den edo ez, geuk irribarre egitean gurea benetakoa den edo ez dakigun bezala. Badakizue gehienetan irribarre faltsua denean ezker ezpaina gehiago igotzen dugula?

Maiz esan ohi dugu haur txiki edo nerabe bat irribarrez ikustean irribarre polita duela haur horrek, eta badirudi adinean aurrera goazen heinean eta aurpegian zimurrak ateratzen zaizkigun heinean irribarrea gutxitu egiten zaigula. Haur txiki baten irribarrea bezain polita da amona edo aitona baten irribarre goxoa: benetako irribarrea, begietatik ezpainetara zabaltzen den irribarrea eta emozioa.

Emoziorik gabeko bizitzarik ez dagoelako eta irribarre gabeko bihotzik ere ez, atera dezagun bada gabon egun hauetan gure irribarrerik goxoena eta goza dezagun aldamenekoaren irribarreaz. Norberari hain gutxi kostatu eta ondokoari hainbeste eman diezaioketen hainbeste gauza ez daudelako. Bizi gaitezen bizitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide