Bakardadearen alde iluna

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2018ko api. 7a, 09:16

Bakardadea gauza ederra da norberak nahi duenean datorkigun bitartean. Zenbat aldiz entzun edo esan dugu «Zeinen ondo, gaur bakar bakarrik, lasai-lasai egongo naiz» edo «hau gogoa dudana bakardadeaz gozatzeko»... eta bai, nire ustez egia da, bakardade edo lasaitasun bila gabiltzan egunetan ezinbestekoa da geure buruarekin egon, arnasaren lasaitasuna sentitu eta momentu horretaz gozatzea, estres momentuak sendatzeko, bakardadea delako maiz sendagairik egokiena. Baina bakardade hau derrigorrean edo batek nahi ez duenean datorkigunean, arnasa ez da hain goxo eta lasaia izaten eta egonezin edo ansietate puntu batetara bultza gaitzake.

Egia da eguneroko bizitzan batera eta bestera gabiltzala askotan, aldamenean edo gertu  dugun inori begiratu ere egin gabe, geure arazoak nahikoa baitira egunerokoaren aurrean borrokan jarraitzeko, baina inoiz pentsatu duzue gehienon etorkizunean bakardadea etxean edo etxetik gertu izango dugula bisitari? Normalki bisitariak gogoko ditugu denbora laburrerako direnean, bakardadearen antzera, baina gurekin luzaroan gelditzeko ez da bakardadea nire ustez bisitaririk egokiena. Egunak, hilabeteak edo urteak iragan heinean eta bakardade horrek zulo beltzean sartzen gaituenean bisitari beltz eta ilun horri ihes egitea zail egingo zaigu.

Badirudi askotan adinarekin elkar lanean datozela bakardade eta tristura. Gaztetan gogoz hartzen genuen bakardade hori tristuraren ezaugarri izan ohi da zahartzaroan. Tristea da noski gaztetasun osoa ingurukoen poztasunaren alde borrokatu duten gizon-emakume askok bakardade ahulean iragan beharra beraien azken urte ilunak.

Ez nuke inor kezkatu edo beldurtu nahi nire hitzekin, hala ere iruditzen zait bizi garen gizartean arrazoi batengatik edo beste  batengatik gure 'rola' aldatzen dugunean, hau da, alargundu, banandu, lana galdu, erretiratu, herriz aldatu, kartzelatik etxeratu edo antzekoren  bat datorkigunean gainera, erregali bezala bakardadea ere agertu ohi dela maiz.

Kasu horietan ez da izaten borondatezko bakardadea, derrigorrezko bakardadea baizik. Hala ere, oso jende gutxiri entzun diot noizbait bakarrik sentitzen dela onartzen. Errazago da bakardade hori ezkutatu, betazalak altxatu eta irribarre txiki batez aldamenekoa engainatzea.

Zenbat aldiz sentitu edo ezagutu dugu inguruan bakardadearen tristurak heriotzaraino eraman duen norbait? Heriotza nahiko tristea bada bere baitan, bertaraino bakardadean iristeko. Ez beti,  baina batzuetan,  gure esku egon daiteke bakardade hori ez hain beltz ikustea, gure irribarre, hitz goxo edo besarkadaren bat luzatu hutsarekin. Ezin gara beti besteei begira edo besteekin pentsatzen egon, baina minututxo bateko laguntzak iraun dezake orduetan ondokoaren bihotzean.

Izan dadila bakardadea gure lagun berarekin goza dezakegun bitartean, baina ez derrigorrez gure gain eraman behar dugunean. Bakardadeaz gozatu dezakegu gure lagun hoberenaren ondoan bezala edo hobeto batzuetan. Beste batzuetan aldiz, lagunik txarrena baino okerrago izan daiteke bakardadea alboan izatea.

Haur txikiak ditugunean adibidez, bakardade bila gabiltza egunerokoan, eta gure haurrak haundi egiten direnean, bakardade hori deitu gabe datorkigu.

Eta ez ahaztu, irribarre txiki batek albokoaren bakardadea goxa dezakeela, eta hitz goxoren batek bakardade hori irribarre bihurtu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide