Amaren bularra

Erabiltzailearen aurpegia

Amaren bularra haurraren janari, haurraren negarra beti hunkigarri… Ehunka aldiz entzun dugu Xabier Leteren abesti hunkigarri hori, seguru asko.

Xabier Letek haurraren negarra eta amatxoren bularra ezkontzen ditu elkarrekin. Baina jakintasunaren ezjakinean beharbada, edo jakitun zen hura hitz horien esanahi sakonaz?

Inoiz pentsatu ote dugu zergatik haur garen bitartean negar asko egiten dugun eta handitzen ari garen heinean negarra alde batera uzten dugun? Txikitako behar gehienak handitan ere behar izaten dira, baina negarra ez ote da gure beharretako bat heldu izatera iristen garenean?

J. Claire K. Niala andreak urteetan eginiko ikerketa baten ondoren, egiazta dezakegu Afrikan haurrek ez dutela negarrik egiten. Datu kuriosoa da lehen entzutean, eta horren zergati funtsezkoena zera omen da, afrikar haurrak egun guztian amaren bular ondoan egon ohi direla, amek batetik bestera baitaramatzate jaioberriak lehendabiziko hilabeteetan. Amaren sabelean hainbeste denbora egon ondoren berriro ere sabel eta bular horrengandik gertu egoteak ematen omen dio haur txikiari babesa, ama baitu bizitzeko teilatu.

Askotan esan ohi diegu gure haurrei: “Ez egin negarrik”, “Handiek ez dute negarrik egiten”, “Olentzero ez da etorriko negar egiten baduzu”, “Beste haurrek barre egingo dizute, mimoxo deituko dizute” edo “Ez zara handi egingo hainbeste negar egiten baduzu”... Maiz pentsatzen dugu negar egiten duena ahula dela, indargabea. Egia da batzuetan haurraren negarrak estresa eta egonezina sortzen digula helduoi, baina negar egiteak dituen onurak ahazten ditugu askotan, txikitatik ahulkeria hutsa balitz bezala ikusi izan baita begietako malkoa. Baina negar egiteak mesede egiten badio gure osasunari? Badakigu negar egiteak estresa eta toxinak askatzen dituela? Emozio negatiboak burutik kentzen laguntzen duela? Sentimenduak adierazteko modu bat dela? Eta negar egiten duenak askotan gure laguntza behar duelako egiten duela?

Mundu osoan zergatik ikusten dugu negarra ahultasun zeinu bat balitz bezala? Negar egiten badut, ez diot inori esango, edo ez nazala inork ikusi begiak bustita behintzat… (pentsatu gabe barnean ditugun hitzak dira nolabait).

Bada, hala ere, negar egin nahi eta ezin duena. Malko bustirik ateratzen ez zaizkien horietako gizon-emakumeak ditugu ingurunean, baina barne borroka ikaragarri bat izan daiteke askorentzat. Beharbada, haur zirela ez zieten utzi negar egiten eta orain ezinaren jabe dira? Zergatik dugu lotsa negar egiteko eta askotan ez gara lotsatzen begien aurrean ditugun milaka eta milaka aldrebeskeriarekin?

Noski, irriarekin elkartzen dugu zoriona eta tristurarekin malkoa, baina pozez beteta gaudenean ere malkoak gertu izan ohi dira, eta orduan ere lotsatu egiten gara. Malko gaziak eta gozoak ditugula esan genezake.

Ez gaitezen, bada, hain gogor eta bihozgabeak izan, eta aldamenekoaren malkoa bihur dezagun irri. Askotan, gure hitz edo irri batek alda dezake aldamenekoaren malkoa, ez dadin hain garratza izan.

Honela amaitzen da Xabier Lete handiaren abestia: “Zaude isilik, haurra, ez egin negarrik, munduak ez du eta malkoen beharrik”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide