Eraitsi eta eraiki

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Gantzarain 2018ko ots. 5a, 15:58
Bi izatea (2017). Argizaria eta ehunak. 40 x 32 x 32 cm.

Ez dira gauza bera deseraiki eta eraitsi, baina batzuetan deseraikitzeko modu bakarra eraistea izaten da, jaistera behartzea, lurrera botatzea, eta lurrera ekartzea, zeruetara igo beharrean. Horixe egin dute artista askok eskulturarekin, eta horretan ari da aspaldian June Crespo Oyaga (Iruñea, 1982ko urtarrilaren 21ean). Lurra da bere estetikaren oinarria.

 

“Ez dut hainbeste lan egiten gauzak lurzoruan landuz, baina denbora asko ematen dut gauzak mugitzen, ordenatzen, pilatzen… Ikuspuntu baxu batekin, objektuen parean. Dena dela, nire gauzak lurzoruan antolatzen ditut eta, azken garai honetan, maila horizontalean edo ia bigarren lurzoruak diren planoetan. Gertuko artista askok antzera lan egiten dute edo aurkezten dute beren obra, baina beste leku batzuetan ere gertatzen da hori. Holandan, adibidez, horrela lan egiten duten lankideak izan ditut”. Holandako De Ateliers entzutetsuan egon da bi urtez, aurretik Suediako IASPISen. 2013an Gure Artea saria jaso zuen.

“Deleuzen arabera, horizontea, funtsean, ikusmenari dagokio eta lurzorua, funtsean ukimenari. Nire iritzian, beharbada, badu zerikusia Rosalind Kraussek ikuspuntu aberekoiago bati buruz esaten duenarekin: lurzoruarekiko konexioak ikusmena eta ukimena lotzen ditu”.

Elkarrizketa batetik hartuak dira hitz hauek, Iñaki Imaz eta June Cresporen artekotik, Eremuak #4 aldizkarian; dauden bezala jarri ditut. Galdera egiten dio Iñaki Imazek: “Gorputzaz ari garela, duela gutxi egindako argazki batean ikusi dut lan-jantzi urdina erabiltzen duzula, lantegi mekaniko askotan erabiltzen dituztenak bezalakoa. Asko zikintzen al zara estudioan?”.

Erantzunak ez du axola. Bere lanak ikustea da onena, Bilboko Carreras Mugican daude martxoaren 3ra arte, eta ukitu, begiekin bada ere.

Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta duen CC lizentza baliatuta ekarri dugu MAXIXATZENera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide