Bizitzeko moduko espazioa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Gantzarain 2017ko urr. 31a, 15:10
Kantoian lotan (1990). Altzairua eta pintura. 4 zati: 14,5 x 14,5 x 25 cm bakoitzak.

Lehen aldiz ikusi nuenetik maite dut lan hau. Ez da akaso onena, ez da seguru asko artistaren ibilbidea ondoen laburbiltzen duena, baina hauxe da nire kuttuna, eta bere erara ondo erakusten du artistaren kezka estetiko nagusienetakoa: ikuslea espazioan barneratzea, artelana bizi dezan, fisikoki bizi ere, ez maila kontzeptual soilean bakarrik, espazio beraren baitan sarraraziz baizik ikuslearen gorputza.

 

Atzera begirako soila izan gabe ere, Guggenheim Bilbao Museoak bakarkako erakusketa eskaini dio aurten bertan, artistak erakusketa aretoaren espazioa bera eraldatuz beretzat hartu zuena, hasiera eta bukaera batuz, neurri batean ibilbide edo garapen artistikoaren ideia bera ukatuz, sortzean beti hutsetik abiatzen zarela erakutsiz bezala, eta hala ere 30 urteko ibilbidean egindako lanen arteko koherentzia eta lotura nabarmenduz.

Erakusketa horren harira artistak berak esandakoa da hau: “Hasieratik interesatu izan zaidana gutxi landu den ideia bat da, edo oso ideia arrotza behintzat eskulturaren munduan, hots, paisaiaren ideia. Gauzak idulkitik kentzean elementuek zure espazio bera konpartitzen dute. Orduan, hor espazio bat sortzen da. Zuk espazio horretan parte hartzen duzu, objektuek espazio horretan parte hartzen dute, eta hori ideologikoa da. Paisaia efektu bat sortzen da. Baina ez irudi mailan bakarrik, baita inguru hori bizitzeko moduan ere”.

Gizakiari espazio berriak sortzea da artistaren zeregina; bere buruari jarritako araua dirudi. Baita beste honek ere: emozioak ikuslearengan egon behar du, ez lanean. Begira oheak ez diren bi ohe horiek, hortxe bizitzeko gogoa ematen du.

Lan asko egindakoa da Pello Irazu Mendizabal (Andoain, 1963ko urriaren 26a), lan asko ari da egiten, bizitzeko moduko espazioak sortzen.

 

Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta duen CC lizentza baliatuta ekarri dugu MAXIXATZENera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide