Xabier Munibe Ikastolaren historiaz Sara Ariñok kontatu zizkigunak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI 2023ko api. 27a, 17:57

Gaurkoan Xabier Munibe Ikastolako eskola kirolaren koordinatzaile, 2009tik 2020ra arte, hamaika urtez izan zen Sara Ariñok kontatutakoak dakarzkigu gogora. 2020ko martxoaren 9an elkartu ginen berarekin, eta hona hemen kontatu zizkigunak:

"Duela 11 urte hasi nintzen Ikaskiroleko koordinatzaile lanetan, 2009ko urtarrilean. Guraso elkarteak, aurretik koordinatzaile zen Xabier Alkortak postua utzi behar zuela eta, deialdi bat egin zuen Ikaskirolerako koordinatzaile berri bat eskatuz. Neuk bakarrik eman nuela izena uste dut, eta postua niretzat izan zen beraz. 

Belen Juaristik, orduan ikastolako gorputz hezkuntzako irakasle izanik, asko lagundu zidan hasiera haietan, baita gerora ere. Beti kontatu ahal izan dut berarekin. Lehen Ikaskiroleko koordinatzaile izana, nere adin ingurukoa eta ikastolan gorputz hezkuntzako irakaslea, babes eta laguntza handia izan zen niretzat. 

Nire lehenengo urteetan ume gutxiago ibiltzen zen Ikaskirolen, ondorengo belaunaldiak ume gehiagokoak izan dira. Aldaketa asko izan dira eskola kirolean azken urteetan, hainbat hausnarketaren ondoren. Duela bost urte ingurura arte, neska eta mutilek ez zuten batera jokatzen, nesken taldeak eta mutilen taldeak bereizten ziren. Saski eta futbolean soilik aritzen ginen eta lehiatu egiten zuten ikasle taldeek; finalak ere izaten zituzten. Lehia desatseginak ere sortzen ziren, gurasoen jarrerek larrituak. Guraso batzuek kontuak eskatzen zizkiguten jokalari bakoitzak zenbat denbora jolastu zuen, aldaketak ondo egiten al genituen. Partiduetan, eta batez ere finaletan tentsioa handia izaten zen. Azkenenan, ez lehiatzea erabaki genuen. 

Kirolaniztasunaren inguruan hausnartu ondoren, programazio bat prestatu genuen herrian zeuden kirol klubak ere kontutan hartuta: bizikleta, mendia, esku pilota, igeriketa, herri kirolak, saskibaloia, futbola, atletismo eta eskubaloia lantzen dira gaur egun. Ikasberriko eredua kontutan izan genuen horretarako, beraiek jadanik lanketa bat egina baitzuten. 

Gurasoek askoz ere jarrera hobea ageri dute gaur egun. Konpromisoari dagokionez, ordea, entrenamenduekiko zein partidekiko dutena baxuagoa da orain. Lehen, ikasleentzat Ikaskirol izugarria zen eta ilusio handiz aritzen ziren. Gaur egun agenda gainezka dute, kirol zein bestelako aukera asko dituzte. Lehen San Juanera futbolean jokatzera joatea ikaragarrizko ilusioa zen Ikaskiroleko ikasle nagusienentzat. Gaur egun asko jolastu dute jada han, Anaitasunan gazteago direnean hasten baitira. 

Dena den Azkoitia eta Azpeitia mailan, eskola kirolak indar handia du oraindik. Ia 300 ume dira Ikaskirolen gaur egun. Beste herrietakoek esan didatenez, indar asko galdu du beste herri batzutan. Hemen programazioa, egitura, egutegia definituta dituzte eta horrek jendea gehiago konprometitzea dakarrela uste dut. 

Ikaskirolen hasi nintzenetik, beti izan dira monitoreak boluntarioak. Oso lotura polita sortzen da ikasle eta monitoreen artean, lehen ikaskiroleko ikasle izandakoak dira gainera eta horrek bi ikuspegiak ezagutzeko aukera ematen die. 

Boluntario gazteak izaki, kostatu egiten zaie ikasleekin lagun/arduradun mugak definitzea, zaila da askotan, baina ondo aritzen dira. Lehen monitoreak gaur egun baino zaharragoak ziren, 18 urtetik gorakoak ziren gehiengoa. Beti 16 urtetik gorakoak diren arren, orain batazbesteko adina baxuagoa da. Lau urteko konpromezua hartu ohi zuten monitoreek, baina badira 8 urte aritu direnak ere. 

Koordinatzaile moduan, giro egokia sortzen saiatu naiz beti taldean: monitoreen alde posizionatu naiz orokorrean; afari, bazkari, elkartzeko ohitura izan dugu; agindu bai, baina ez dut autoritate moduan aritu nahi izan, beraien kide bat izan naiz; hezitzaile izateko eskatu izan diet umeekin ari diren bitartean; edozer zalantza, behar dutenerako hor nagoela erakutsi nahi izaten diet. 

100 monitore baino gehiago pasa dira Ikaskiroletik koordinatzaile izan naizen bitartean eta 1000 ume baino gehiago. Une politenak gogoratuz, Ikastolako jaiko bazkariak, Ikaskirol kros eguneko bazkaria (denak urdinez jantzita kalean), monitore izateari uzten diotenei egiten zitzaizkien medaila, kopa, bertsodun omenalditxoak aipatuko nituzke. Asko gozatu dut".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide