Xabier Munibe Ikastolaren historiaz 'Antonita'-k kontatu zizkigunak

Antonita. (Lourdes Jauregi)

Gaur, Xabier Munibe ikastolako idazkari eta irakasle ere izan zen, eta ikasleok maite-maitea genuen Antonitak kontatutakoak dakarzkigu gogora. Gure zenbat zauri sendatu ote zituen hark. 2020ko otsailaren 17an elkartu ginen berarekin, hona hemen kontatu zizkigunak:

"Eraikin berriaren inaugurazioarekin batera hasi nintzen idazkari lanetan Xabier Munibe Ikastolan, 1980an. Aurretik Arroa Goiko eskolako irakaslea izan nintzen, Enkarnarekin batera idazkaria ere bai Azpeitian, eta Artxamendin irakasle ordezkapen batzuk ere egin nituen. Hasieran ez nuen irakasle titulurik, lanarekin batera aritu nintzen ikasten. 

1980tik 2008ra arte, 28 urte egin nituen lan Xabier Munibe Ikastolan, ia urte guztiak idazkari moduan, azken hiru ikasturteak haur hezkuntzako irakasle moduan egin banituen ere. 25 urte baino gehiago egin nituenez bertan, omenaldia egin eta medaila bat ere eman zidaten, Xabier Munibe Ikastolaren irudiaren hiru menditxoak zituena.

Nire asmoa irakasle izatera pasa eta azken urteetan Zestoa aldera lanpostu horrekin lekuz aldatzea bazen ere, ama zaintzeko eszedentzia bat hartu behar izan nuen azken urtean jubilatu aurretik. 

Xabier Munibe Ikastolako idazkaritzan hainbat zeregin nituen: kontabilitatea eraman, bankura joan, kartilak, bekak kudeatu, matrikulazioa kudeatu, telefonoa erantzun, megafoniatik abisuak eman, eskolako materiala saldu, botikina, norbaitek min hartzen bazuen sendaketa txikiak, … Edozer behar zela, “Antonitarenera” etortzen ziren irakasle eta ikasleak, oso maitea sentitzen nintzen. Urte ederrak izan ziren, oso ederrak. 

Ni idazkari izan nintzen bitartean zuzendari desberdin asko igaro ziren ikastolatik, bakoitza mundu bat zen, bakoitza bere egiteko moduekin. Ondo moldatzeko gaitasuna banuen. Berandu arte gelditu ohi nintzen askotan arratsaldean lanean, pake-pakean, bakarrik, lanak aurreratzeko, 19:00ak aldera arte.

Idazkaritzan, lehen, eskolako materiala saltzen genuen; kuadernoak, arkatzak, boligrafoak, agelkiak, kartulinak… eta ikastolako kuotarekin batera kobratzen ziren. Zortzigarren mailakoak salmenta horien kontuak egiten laguntzera etortzen zitzaizkidan idazkaritzara, lan praktikoa eginez ikasteko aprobetxatzen zuten.

Min hartu zuten ume asko ere sendatu nituen. Baditut pasadizo batzuk gogoan. Behin ume bat sendatzen ari nintzela hala esan zidan: “Zu lasai Antonita, ez izan presarik ni sendatzeko, hobeto nago hemen, ez daukat gogorik klaseko “rollo” hori dena jasateko.” Beste behin beste ikasle batek esan zidan: “Alde ederrean bizi dira gure baserriko untxiak eta ardiak, ikasi beharrik ez!, ulertzen al dut ba nik hemen esaten dutenetik zerbait!”. Larriena, saltoka ari zela ate baten heldulekua besoan sartu eta odoljario larriak izan zituen ume batena izan zen. Presio bidez odoljarioa gelditzen saiatu eta larrialdietara eraman genuen.

Egun batean, kaleratu zuten ume baten aita etorri zen, irakasle guztiak jada joanda zeudela. Hiru egunerako etxera bidali zuten bere semea eta kexaka etorri zen. Ea zer lortzen genuen horrekin, okerrago zela, umea etxean ez zela ikasten ari, eta ikastolan baino etxean gustorago zegoela. Ea ezin al genuen Jose Mari Iturria atezaina bada ere makila batekin jarri, kaleratu beharrean, ume zigortuak ikastolan bertan zaintzen. 

Kristau ikasbidea ematen zuten katekistak, ikastola barruan preso ere utzi nituen behin nahi gabe. On Inazio apaiza joaten ikusi nuen eta guztiak joan zirelakoan atea itxi eta etxera joan nintzen. Lehiotik irten behar izan zuten. 

Ikasle bat ere bazen kristau heziketara joaten ez zena, eta ordu horretan nirekin egoten zen, bitartean, berriketan. Irakasle batek ea zer gustatzen zitzaion jatea galdetu zion ikasleari eta txipiroiak gustatzen zitzaizkiola erantzun zion. - Ba ekarriko dizkiat ba erregalo. - A bai? - Bai, ekarriko dizkiat. - Bale, baina garbituta e, nere amamak bestela ere lan asko dauka eta.

Ospakizunak ere ederrak izaten ziren. Inauterietan mozorrotuta etortzen ginen lanera eta Iturri jatetxean baba jana egiten genuen. Gabonetan otarra bat jartzen genuen Antonitanean eta zozketa bat antolatu. Urte batetan adarra jotze aldera, egunero produktu bat kendu eta ezkutatzen aritu nintzen. Inor ez zen konturatu, harik eta behin, bakailua kendu nuen arte, orduan irakasle batzuk ea zer gertatzen zen otarrarekin galdetzen hasi zitzaizkidan… eta ezkutatutako guztia erakutsi nien. Barre ere egiten genuen, ondo pasatzen genuen elkarrekin.

Behin, ikastolako kanpoko aldapan elurretan irrist egin eta lurrera erori eta altxatu ezinik gelditu nintzen, barrez, buelta ezin emanda. Larrialdietara eraman ninduten azkenean, hautsirik ez nuen, bihurritua bakarrik.

Nire lan ibilbidearen azken hiru ikasturteak, idazkaritza utzi eta haur hezkuntzako umeekin egin nituen, eta oso oso gogorra egin zitzaidan.

Urteetan zehar ikusi dudanetik ondorioztatzen dut, lehen irakasle eta gurasoak elkar hartuago zeudela, irakasleengan kofidantza handiagoa zuten gurasoek. Orain gurasoak umeen alde jartzen dira erraz, irakasleengandik urrunduz. Zentzu horretan lehen gurasoak egokiago aritzen ziren nire ustez. 

Azkoitira oso gutxi etortzen naiz, nostalgia sortzen dit eta ez zait gustatzen tristura hori. Ikastolako ume zirenek ezagutzen naute, baita kalean gelditu ere, baina niri kosta egiten zait orain heldu diren horiek orduan ume zirenekin lotu eta ezagutzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide