Xabier Munibe Ikastolaren historiaz, Urrategi Urzelai 'Tegi' gurasoak kontatu zizkigunak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe HLHI 2023ko mar. 27a, 08:29
Urrategi Urzelai, 'Tegi'.

Gaurkoan Urrategi Urzelai Tegik kontatutakoak dakarzkigu gogora. Ikastolaren inguruan lan asko egindako gurasoa da Urzelai, Xabier Munibe Ikastolako guraso batzordeko kide zein lehendakari izana. 2020ko urtarrilaren 20an elkartu ginen berarekin, hona hemen kontatu zizkigunak:

"Xabier Munibe Ikastolako gurasoa izan naiz, nire hiru seme-alabek bertan ikasi zuten eta. Guraso Batzordeko partaide eta lehendakaria ere izan nintzen 1986-1989 urteetan. 

Nire seme zaharrena, Asier Aranbarri, 1972koa da, eta Artxamendin egin zituen lehen ikasturteak eta 6 urterekin Loiolako ikastolara joan zen garai hartako umeek egin ohi zuten moduan. Gaur egungo Hotel Urangaren atzealdean kokatzen zen eraikin hura. Lineako autobusean joaten ziren Loiolara, beraiek bakarrik, motxila handia hartuta; bazkaltzera etxera itzultzen ziren, eta arratsaldean berriro ikastolara. 1980an, gaur egungo Xabier Munibe Ikastola eraiki zutenean, Azkoitira etorri ziren. 

Ikastolaren proiektua beharrezkoa izan zen Francoren garaiko giroan, bai euskal kultura bai pentsamendu askatasuna babesteko. Nik Mixikordian ikasi nuen, eta haurra nintzela Espiritu Nacional irakurri eta Francoren alde hitz eginez joaten ginen etxera. Etxean ea zer esaten ari nintzen esaten zidaten, Franco nola defendatuko nuen bada. Ikastolak guzti horri buelta emateko balio izan zuen. 

Ikastolak euskal kulturaren berreskurapenean urrats handiak eman zituen. Aipatzekoa da lehen urteetan ez zirela ospatzen Santa eskea, Olentzero eta inauteriak bezalako tradizioak. Ospakizun horiek geroago txertatu ziren ikastolako agendara eta ohituretara.

Gurasoek partaidetza handia izan dute ikastolaren jardunean; lehen baziren gurasoek ematen zituzten ikasgaiak ere. Gimnasia, adibidez, guraso boluntarioek eman ohi zuten, geroagokoak dira Gorputz Heziketako irakasleak. Kristau Heziketa ere, jaunartze artekoa, ikastolan gurasoek ematen zuten; ni neu izan nintzen Kristau Heziketako irakasle. On Jose Maria eta On Inaziok gurasoak formatzen zituzten horretarako, eta On Telesforo ere aritu zen. Geroago, Hezkuntzatik erlijioko irakasleak barneratu zituzten. 

Hainbat gurasok Kristau Heziketa derrigorrezkoa ez izatea eskatu zuten. Debatea sortu zen horren inguruan, eta pixkanaka aukera laikoa ematen hasi ziren. 1990 inguruan jaiotako umeek Erlijioa edo Etika aukeratzeko aukera izan zuten. Ordutik aurrera bi aukerak mantendu dira, baina oraindik ez gara guztiz laikoak. 

Ikastolaren historian garai zailak ere bizi izan genituen. Lehen urteetan gai zailenetako bat mezu politikoen ingurukoa izan zen, alderdi politikoek ikastola barruan beraien kartelak eta ikurrak jarri nahi izaten zituzten eta. Hori ezin zela egin erabaki zuten batzordean eta borroka handia izan zen. 

Beste eztabaida gogor bat euskara batuaren ingurukoa izan zen. Bozketa egin zen, eta %67a euskara batua erabiltzearen alde agertu zen ikastola. Publifikazioaren erabakia hartu behar izan zen garaia ere oso-oso gogorra eta desatsegina izan zen: eztabaidak, haserreak… Bozketan %60a ikastola publikoa egitearen alde agertu zen, Xabier Munibe Ikastola eskola publiko bihurtu zelarik. Garai hartan guraso batzordeen eta irakasleen bilerak ia astero izaten ziren, eta debate luzeak izan ohi ziren. Gainditu genuen garai hura ere".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide