Xabier Munibe Ikastolaren historiaz Izaskun Alberdik eta Mari Karmen Zubiaurrek kontatu zizkigutenak

Izaskun Alberdi, Raimundo Alberdi eta Mari Karmen Zubiaurre.

Xabier Munibe Ikastolako lehen irakasleak izan ziren Izaskun Alberdi eta Mari Karmen Zubiaurre. 2019ko azaroaren 18an elkartu ginen beraiekin. Herriko hainbat eta hainbat ikasleren gogoan gelditu diren irakasleak dira, gutako askoren andereño izandakoak. Hemen, kontatu zizkigutenak. 

"1970. urtean sortu zen Xabier Munibe Ikastolako lehenengo bi irakasleak izan ginen; Izaskun 20 urterekin eta Mari Karmen 22 urterekin hasi ginn. Lanean ari ginen bitartean formatu ginen, Donostian Pargulistas bilingües izeneko ikastaro bat egin genuen, eta Jesus Marietan puerikultura ikasi genuen, azterketak Bilbon eginez. Ikastaro ugari ere egin genituen. 

Azpeitian ikastola jada sortuta zegoenez, han egin genituen lehenengo hiru hilabeteko praktikak, eta ondoren, Azkoitiko ikastolan hasi ginen lanean. 

Hasierako ikastola hura gaur egungo kantzelean kokatu zen; helduentzako alfabetatze talde bat ere (Kimu izenekoa) kantzelean aritzen zen ordurako. Lehenago egon zen ikastola sortzeko beste saiakera bat, udaletxeko goiko pisuan kokatu zena. Dena den, frankistek bereganatu zuten ura eta bertan behera geratu zen. 

Ikastola kantzelean ireki genuen lehen egunean, goizean lau ume etorri ziren, eta arratsaldean jada zazpi. Pixkanaka kopurua igoz joan zen, eta hurrengo urterako 54 ikasle genituen. Hasierako ikasle haiek 2 eta 3 urteko umeak ziren; ondo gogoratzen gara ume baten negarrekin: Jexux Txantonen negarrak ziren, gaixoa, a ze negarrak egin zituen!

Hasiera hartan egoera oso prekarioa zen, ez zen eskola ofiziala eta gurasoek apustu oso handia egin zuten. Dirua biltzeko, ekimen asko eraman genituen aurrera: Gabonetako jostailu denda, taberna, zozketak, papel nahiz kartoi bilketa, idi-probak, kinielak, bigarren eskuko denda (Nahas-mahas). Jendeak modu askotan egiten zituen ekarpenak, hala nola dirua, lana eta materiala. Emakume batek adibidez, larruzko beroki bat eman zigun bigarren eskuko dendan saltzeko. Hasieran gurasoei ez zitzaien kuotarik kobratzen; aurrerago hasi ginen horretan, guraso bakoitzari 3.000 pezeta eskatuz.   

Hasierako kantzeletik Artxamendira pasa zen ikastolaren kokalekua. Gremio desberdinetako gurasoek parte hartu zuten elizarena zen eraikinaren egokitzapen lanetan. Jende ugari aritu zen ikasturtea antolatzen, besteak beste, pedagogia arlokoak (irakasleak), ekonomia arlokoak (ofizina eta banketxeeetan lan egiten zutenak) eta mantenimendu arlokoak (arotzak eta abar). Auzolanean egin genuen aurrera. 

Hasierako urteetako ikastola hartan, lurrean egiten genuen lan asko, okume txapa gainean, mahai handietan. Naturarekin kontaktu handia zuten ikasleek, gehiago irteten ginen kanpora, baserrietara nahiz zelaira. Gero, testuak etorri ziren, Baga-Biga bezalakoak, eta barruko ikasketak indar gehiago hartu zuen. 

Guardia Zibila inguruan zebilela abisua ematen zigutenean, badaezpada, Kukuherrira joaten ginen ume guztiekin, paseo bat emanez. Behin, ikastetxea hutsik zegoela, Guardia Zibila etorri eta Artxamendira sartu zen. Gauzak lekuz mugitu bakarrik egin zituzten, ezer lapurtu, puskatu eta eraman gabe.

Beste behin, elizarena zen Artxamendi eraikinean gurutzeak kenduta agertu ziren, ez dakigu nor izan zen haren egilea. 

Hasierako lau ikasle haietatik Xabier Munibe eraikina bete arte, hamar urte soilik pasatu ziren; handitzea azkarra izan zen oso. 1979an, Kilometroak ospatu ziren Loiolan, diru iturri garrantzitsua izan zen ekimen hura. 1978-1979 ikasturtean sortu zen Izarraizpe Kooperatiba, eta 1980-1981 ikasturtean inauguratu zuten Xabier Munibe Ikastolaren gaur egungo eraikina; orduan izan zen egungo eraikinean eskaini zuten lehen ikasturtea. Gurasoek eta irakasleek abalatuta finantziatu zen eraikina egitea.

HHko ikasleek, ordea, Artxamendin jarraitu zuten. Aurrerago, 1991n, elizak Artxamendi eraikina saldu egin zuen. Ondorioz, bi urtez Jausoron eman ziren HHko klaseak, Xabier Muniben HHko eraikin berria egin zen arte, gaur egun erabiltzen dena, hain zuzen ere.

Irakaskuntza metodologiei dagokionez, hainbat erabaki pedagogiko hartu behar izan genituen. Hizki larriz edo txikiz hasi behar zuten umeek irakurtzen eta idazten? Hasieran txikiz erabaki genuen; gero, berriz, larrira pasatu ginen. Euskara batua erabiltzearen inguruko eztabaida, ostera, oso gogorra izan zen. Erresistentzia handia egon zen, hitzaldiak, kanpainak, erreferenduma… Azkenean, euskara batuaren aldeko botoek irabazi zuten. 

Edukiak eta liburuak euskaratu ere egin behar izaten ziren; lan handia zegoen horretan. Asteburuetan, Aizarnara joaten ginen Vivamos los cuentos liburua katalanetik euskaratzera. Udalekuetako begirale titulua lortzeko ikastaroetara ere joaten ginen irakasleak. Larunbatetan izaten zen. Barria eta Iratxe, gerora berritu dituzten udalekuetara joaten ginen orduan ere. 

Irakasleen lan baldintzak gogorrak ziren, Gizarte Segurantzarik ez genuen-eta hasieran. Urte batzuetara lortu genuen irakasleok han alta ematea, baina ez irakasle laguntzaileek. Horren inguruko erabakia hartzeko hauteskundeak egin ziren 1975-76 ikasturtean bailaran, eta ezezkoa nagusitu zen; alegia, irakasle laguntzaileek ez zutela Gizarte Segurantzarik izango. Azkoitia mailan baiezkoa nagusitu zen, Azpeitian, berriz, ezezkoa. Aurrerago konpondu zen arazoa. Guztiak, bai irakasleak eta bai irakasle laguntzaileak, Gizarte Segurantzan altan egotera pasatu ginen.

Momentu gogorrak bai, baina ez genuke tristurarik pasat genuenik esango. Gogorra izan zen, adibidez, Xabier Munibe Ikastolako lehenengo ikasleak Loiolara joan zirela ikustea, eta ondo prestatuta ez zetozela entzun behar izatea. Gero, oso ondo eraman zuten ikasturtea aurrera. Beraz, ez zegoen arazorik, ondo prestatu genituen. 

Poz handiena, bestalde, hasieran kezkaz beterikoa izan zen hasierako proiektu hura aurrera ondo zihoala ikustea izan zen".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide