Bihotza bete lan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko eka. 25a, 16:41

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Biziak heriotza zor. Hasten den oro bukatzen. Bizilegearen logika betetzen ez denean da gogorrena bizitza. Sasoi betean dena itzaltzen denean, artean hegaldi luzea geratzen zaiona hegorik gabe geratzen denean. 

Atzo agurtu eta omendu zuten zaleek ezker-paretaren historia luzean izan den pilotaririk handienetako bat. Hazi-kaxkarra izaki, gorputzez berandu etorria, gazte-haziagoei aurre egiteko pilotalekuan ordu asko sartu eta ofizioa besteek baino hobeto ikasi behar izan zuen. Gero, luzatu eta zaildu zenean, aparteko kolpea eta abiadura zuela erakutsi zigun. Horrez gain, mutil handiagoen kontra ari izan zenean ikasitako postura eta baliabideek egundoko konfiantza eman zioten. 

Besteek ez bezalako abiadura eman izan dio Juanek. Buruz-buruko joko klasikoan nagusi izateko dohainak edukita, joko-moldea zeharo irauli zuen. Hark ekarri zuen gaur egungo jokatzeko modua. Hura erabat ulertzen ez genuenoi kasu zipitzik egin gabe, bereari eutsi zion. Eta emaitzek arrazoi eman diote: 13 txapel. Irujok ikuskizuna eman du, espektakulo hutsa izan da. Otzanagoa izan balitz, agian txapelen bat gehiago jantziko zukeen. Patxada gehiago izan balu, ziur aski ez zukeen hainbesteko zirrara eragingo, ordea. 

Irujorena izan da gertuen eta osoen bizi izan dudan ibilbidea. Debuta, jokatu dituen final guztiak, min hartu zuenekoa, atzo Labriten egin zioten omenaldia...denak ikusi, bizi eta kontatu ahal izan ditugu. Zorte eta pribilegio itzela. Astindu galantak eman izan dizkie pilotazaleen bihotzei...eta bereari. Auskalo zenbat aldiz jarri izango zuen 200 taupadatik gora. Sekula ez zitzaion kexatu izan, baina badauka kirol profesionala uztera bortxatu duen patologia madarikaturen bat.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzia. Jarraitu irakurtzen

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide