Zorigaiztora kondenatua

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko urt. 9a, 12:08

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Denek behar dute beren onetik irtenda, eta denak etortzen zaizkit etengabe burura azken egunotan. Amak, ama biologikoak, hilabeteak zeramatzan urtebete gabeko haurra -aldundiaren gizarte zerbitzuek beren gain hartua- berreskuratzeko plana amarauntzen. Bitarte horretan otzan egon da, edo otzan-itxurak egin ditu. 

Aldundiko teknikariei ez die, behintzat, horrelakorik egin zezakeenik pentsarazi. Elkartze-gunera joan, haurra hartu eta besoetan eraman du. Konplize bat zuen zain, autoa martxan zuela. Konplize idatzi dut, gaizkide larriegia zelakoan. Izan ere, besoetan eraman duena ez da edozein. Ama da, munduratu zuena. Titulu hori erdiesteko ez baita inolako azterketarik gainditu beharrik, bost minutuko txortaldia aski.

Abuztuaz geroztik etxean hartuta izan duten harrerako gurasoak eta balizko neba-arrebak ere une oro ditut pentsamentuan. Sei-zazpi hilabeterekin hartu, ordura arte falta izan dituen segurtasun, samurtasun, afektibitate, fereka, besarkada eta musuak eman, ahal bezain ondo hazi eta hezten saiatu eta, bat-batean, zoritxarreko berria: eraman egin dute.

Harrerako guraso horiek bazekiten haur hori guraso biologikoengana itzul zitekeela egunen batean. Horixe litzateke, gainera, ideala: umea beste familia batek hartu beharra eragin duen egoera bere onera ekarri eta bigarren aukera bat ematea. Harrera bakoitzak drama bat du atzean. Honek ere bai. Zorigai-tzez, gauzak onbideratu gabe eskuratu du haurra amak.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide