Eskozia Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2016ko mai. 23a, 11:50

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Monarkiek indiferentzia erabatekoa eragiten didate oro har. Espainiakoak, partikularki, mespretxu apur bat ere bai, eta ez kapitain goren borboitarrak urtebetez bahituta eduki ninduelako bakarrik. Halere, Espainia bakar eta handitik kanpo bizi nahi dugunok badugu harekiko zor ukaezin bat, urtetik urtera hazten doana: ez dago errege koparen finala bezalakorik independentziaren aldarriari distira eta hedadura emateko, nortasun eta sentipen desberdinak hauspotzeko.

Athleticen bitartez noizbehinka, Barçari esker ia urtero, urteko futbol partidarik garrantzitsuenetako bat independentzia-gosearen erakusleiho bihurtzen da. Beti izaten da eztabaida piztuko duen txorogaiztoren bat. Batzuk urterokoak. Esperanza Agirre, esate baterako. Zortzi euskal deitura omen dituen emazteño umilak ez dio inori espainiartasunari uko egiteko zirrikiturik utzi nahi, ezta hari erasango dion ikurrik erakusteko ere.

Espainiako Gobernuak, Madrilgo ordezkariaren bitartez, estelada debekatzea erabaki zuen. Adierazpen askatasuna urratzen duten erabakiei ixkin egiteko irudimena erabili behar izaten da. Katalunian badute. 30.000 bandera eskoziar banatzeko asmoa zuten Barçazaleen artean. Xede horren berri jakin bezain laster, epaile batek gobernuaren erabakia bertan behera uztea erabaki zuen. Imajinatzen dut Raxoi epaileari deika: “por el amor de diosss, hágame usssted el favor de dejar en sssuspenssso la decisssión del gobierno. ¿Ssse da usssted cuenta de lo que sssupondía que en todo el mundo ssse difundieran lasss imágenesss de un essstadio madrileño lleno hasssta la bandera en el que, valga la redundancia, ssse ondeen 30.000 banderasss essscocesssasss jusssto un mess antesss de las elecciones en lasss que me juego mi futuro?”

Jarraitu hemen iritzia irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide