ERREALitate tristea

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2016ko api. 25a, 09:55

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Joxek pilotaleku bat eraiki zuen etxe ondoan. Sorterritik urruti samar bizi da, pilota ezagutu ere egiten ez duten inguruan. Halere, argi zeukan hiru hormako jokalekua igerilekuaren aurretik zegoela lehentasunen zerrendan.

Azkenean biak egin ahal izan zituen, bata bestearen ondoan. Izan ere, larre motzean hazitakoa izan arren, gaur egun hiruzpalau mundualditarako adina diru pilatu du. Bizi den inguruko mutil gazte batzuei irakatsi die pilotan, aurkaririk gabe ez baitago partidarik. Udan sorterriko bisitariak joaten zaizkionean ere laster jotzen die erronka eta, nahiz eta dirua lepo izan, ezker hormaren aurka burua erdibitzeko kapaz da hamar euro ez galtzearren. Horrelaxe gogoratzen ditut Azkoitiko Kontzejupean Kalparsoro eta Karretero pilotari ohiak ere. Onenak emanak zituzten ordurako, zahartuak baino gehiago baldartuak, baina afari bat jokatzea aski zuten bizia jokoan balute bezala borrokatzeko.

Realak Vila-realen jokatuko du gaur. Txuri-urdinak denboraldi negargarria burutzen ari dira, ez dute ilusio izpi bat pizteko gaitasunik. Sevilla eta Bartzelona menderatzeko gai izan zen taldeak Eibarren galdu egin zuen, eta azken-putz iritsitako Getafe kaxkarraren kontra ere bai Anoetan. Etsitako zaleen kopurua haserretutakoena baino handiagoa dela iruditzen zait. Haserrea baino makurragoa da etsia. Xabi Alonsok esan ohi zuen Liverpoolen jokalariei ez dietela txisturik jotzen zelaian indar-hustuz gero, oso gaizki jokatu arren.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide