Lehorreta

Erabiltzailearen aurpegia

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Eskola kiroleko partidetan parte hartzen duten neska-mutilek elkarri bostekoa ematen diote saskiratze bakoitzaren ondoren. Eskubaloian sartutako golak ere sutsuki ospatzen dituzte. Futbolean, aldiz, besoak altxa, jauzi egin eta elkarri sekulako besarkadak ematen dizkiote. Zer ikusi, hura ikasi. Eta ez zait gaizki iruditzen. Poz eta penak naturaltasunez azaleratu eta partekatzearen aldeko naiz, benetakoak direnean behintzat.

Kirolek badute, gainera, sentipen horiek kolektibizatu eta hedatzeko gaitasuna. Harmailetatik, etxeko salatik edo tabernako telebistatik begira daudenen artean ere oso ohikoak izaten dira adierazpen orgasmikoak. Alta, futbolari profesionalek ez dituzte horrela garrantzi handiko golak bakarrik ospatzen, denboraldi aurreko norgehiagoketan ere elkarri egundoko estutuak ematen ikusten ditugu. Beste muturrera etorrita, bozkario eta tristurak disimulatu beharrera, bi adibide datozkit burura.

Erromako San Pedro plazan nintzen, kasualitatez, Frantzisko lehena aita santu izendatu zutenean. Plaza betetzen zuten fededunen artean urduritasuna sumatzen zen, hurrengo urteetan artaldea gidatuko zuen artzaina nor izango zen jakin nahiak eragindako ezinegona. Bergoglio izango zela esan zutenean, denak poztu ziren, hala iruditu zitzaidan behintzat. Nik ez nuen argentinarraren aditzerarik, eta uste dut han bildutakoen artean gehienek antzeko erreakzioa izango zutela Jaime Ortega kardinalak Bergoglio esan ordez Mañukorta esan izan balu. Aita santu hautatu berriak irribarre zabala erakusten zuen, hunkituta zegoela iruditu zitzaidan baina, zalantza izpirik gabe, askoz modu sutsuagoan ospatuko ditu San Lorenzo de Almagro futbol taldearen golak.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide