Irrist

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko eka. 15a, 10:32

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Zarauzko triatloiak 29. edizioa izan zuen atzo. Euriak are gehiago gaiztotu eta zaildu zuen girorik aproposenarekin ere aski gogorra baden proba. Bizikletako tartean eroriko asko izan zen. Aiako hormatzarra igo ondoren, beherakoan, bada bihurgune arriskutsu bat, Zialtzeta baserriaren pare parean. Porlanezko bidea patinaje pista bihurtu zuen euriak, eta triatletak zuhurtzia handiz jaistera behartu zituen. 

Bizpahiru neska erdi negarrez ere bai, “beldurrak airean noa” esaten zuten bitartean. Hainbat lekutatik bildutako 650 kirolarik hartu zuten parte, baina gure errealitatearen berri ezer ez zekienari ere argi geratuko zitzaion hau Euskal Herria dela. Antolakuntzak euskaraz egiten du lan, esatariek euskaraz hitz egiten dute nagusiki... Horrelako ekitaldiek jartzen dute munduko mapan Basque Country.

Oso bestelako sentipenekin itzuli nintzen ostiralean Altsasutik. Kezka, gogoeta eta arrenguretan kide dudan euskaltzale batek behin baino gehiagotan ohartarazi baninduen ere, pilotalekutik irtetean harri eta zur geratu nintzen mutiko talde baten hizkuntz jokaeraz. Euskaraz bazekitela esango nuke baina, aldi berean, haien baitan txertatu gabeko hizkuntza dela ziurtatzen ausartuko nintzateke. Haur, gaztetxo eta gazteak limurtzeko zailtasun nabarmenak ditugu, eta beldur naiz aginte aldaketak ez ote duen besterik ekarriko.

Lucas Egibar snowboardlaria albiste izan genuen orain hilabete batzuk, munduko txapeldun izatea erdietsi baitzuen. Lucas jarri dut, berak bezala, izenaren jabe norbera da eta. Egibar idatzi dut, berak ez bezala, deituraren jabe hizkuntza baita. Munduko snowboard txapelduna ezin izan dugu euskarazko hedabideok elkarrizketatu. Kontua ez da euskaraz hitz egiteko erraztasun handirik ez duela, ez. Hori baino askoz larriagoa da. 21 urteko donostiar horrek ezin die galderarik xinpleenei euskararik xinpleenean erantzun. Zerbaitek huts egiten du gure hezkuntza sisteman. Limurtzeko gaitasunaz harago, behartzeko ahalaz ere hitz egin beharra dago.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide