Jokoak emaitza

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko mai. 26a, 12:33

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Hauteskunde eguna. Milaka eta milaka herritar, gehien limurtzen gaituen edo hozkirik gutxien eragiten digun hautagaiaren aldeko boto-txartela eskuan dugula, hautetsontzietara joango gara. 

Arratsaldeko zortzietatik aurrera, bizpahiru orduz, zinegotzi edo diputatu dantzak begirik kendu gabe edukiko gaitu, telebistari, irratiari edo sareari itsasita. Edo hirurei. Sorterrian, auzo herrietan, gaur egun bizileku dugunean, gure probintziako foru aldundian zer gertatzen den, lau urtez nork aginduko duen jakitea entretenimendu polita izaten da. Balio duen inkesta bakarrak egingo du gure gizartearen erradiografia, gaur jakingo dugu gure alderdiek lau urtez egin eta bi astez agindu digutenaren ondorengo emaitza. Ba-tzuek xanpain botilak irekiko dituzte, emaitzak handikiro ospatzeko. Besteek, aurreikuspen edo itxaropenak betetzen ez dituztenek, elkarri kontsolamenduzko hitzak eskaini eta norbere baitan bildu beharko dute.

Lau urtez gure egunerokotasunean hainbesteko garrantzia izango duten bozketek baino askoz burrunba handiagoa sortu zuten, halere, atzoko futbol partidek. Athleticek Europako Ligarako txartela ziurtatu zuen, Realak etxetik kanpo irabaziz amaitu lanak, eta Eibarrek garaipen antzu batekin agurtu izarren liga. Harrigarria izan zen atzo Cordobaren aurkako norgehiagoka ikusteko taberna eta terrazetan bildutako jendetza. Egia izango da Zarautz eibartarrez josita dagoela. Edo bestela euskal taldeekiko atxikimenduaren testuinguruan ulertu beharko dugu atzokoa.

Askori eman digu min Eibar bigarren mailara jaisten ikusteak. Are gehiago azken hiru jardunaldietan Athleticek, Realak eta Barçak egin dutena ikusirik. Garitanoren aurkarien kontrako partidetan huts egin dute beste bi euskal taldeek, eta Bartzelonak jarrera penagarria erakutsi zuen Deportivoren aurka. Dena den, bigarren itzulian izan dituzten emaitza kaxkarretan dago jaitsieraren gakoa. Futbolean zein politikan, norberak jorratutakoaren uzta biltzen da.

Xabier Euzkitzek igandean, maiatzak 17, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide