Nahi gabeko e-mailak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko mai. 20a, 12:10

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Politikarien prestigioa eta izen ona hain lorrinduta dagoen garaiotan, haiengan sinesten jarraitzen dut. Bere jakintza eta eginahala herriaren zerbitzura jarri duen jende asko ezagutu dut, norbere aurrerapenari eta interes pertsonalei uko eginik. Fede onez sartutako batzuk usteldu izango dira, ziur aski, eta ez da faltako espresuki lapurretara sartutakorik ere. Izan ere, politikariak herritarren artetik irteten dira, eta herritarron artean denetik dago.

Fede txarra eta azpikeria ikusi ditu jende askok -baita ezker abertzalearen orbitako hainbatek ere- EH Bilduren prentsa bulegotik Azkoitiko alkate ohiaren inputazio bati buruz egindako filtrazioan. Akats bat izan zela esan dute, nahi gabe egindako zerbait. Informazioa Azkoitiko egungo alkatearen eskuetara iritsi eta hilabetera -kanpaina betean- filtratu izana susmagarri da, egia esan. Politikariengan dukedan fedeagatik, akatsa izan dela sinesteko ahaleginak egin ditut, bai baitakit lehen ere egin izan dituztela antzeko hanka-sartzeak. Duela lau urte eskas, Bildu Gipuzkoako Foru Aldundian agintera iritsi eta denbora gutxira, prentsa bulegotik e-mail bat bidali zuten Gara egunkarira. Erratuta, orduan bai. DVra igorri nahi zuten, eta norbaitek hanka sartu. Mezu hartan DVren arduradunei euren egunkarian publizitatetan zenbat diru inbertituko zuten jakinarazten zieten. Kopuru itzela, Bilduren jarrera politiko eta sozialetatik hain urruneko hedabide baterako zirela kontuan izanik. Norberak interpretatu beharko du zeren truke. Mezua jaso zuen hedabidean sutu egin ziren, baina etxean itzali zuten sua.

Politikariak, zinezko politikariak, zerbitzu bokazioz dihardutenak, miretsi egiten ditut. Ez nuke euren larruan egon nahi, kanpaina garaian batez ere. Gogorra behar du azokaz azoka, kalez kale, programa azaltzen ibili beharrak. Hainbat alderdiren programa eta promesak iritsi dira gure etxera ere. Denbora gutxi egin dut haiei begira. Nire botoa ez dute datozen lau urteetarako agintzen dutenaren baitan erdietsiko, azken lauretan egin dutenagatik baizik.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide