Emoixok, Lasku!

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko api. 30a, 11:51

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Kirolarien bizitzak apar asko izaten du batzuetan, baina ez du luzaroan irauten. Kasurik aipagarrienetan ere artean eguneroko bizimodurako sasoi beteko neska edo mutilak direla erretiratu behar izaten dute. 35 urte, 38, eta gehien balio izan duten eginkizun horretatik erretiroa hartu beharra. Are makurragoa da eguneroko zeregin arruntetarako mugatuta geratzen direnen kasua, eta horrelakoak ere ez dira gutxi.

Aritz Laskurain dozena bat urtez izan zen pilotari profesional. Hiru aldiz iritsi zen Binakako Txapelketa Nagusiaren finalera: 2008an Titinekin, 2010ean Gonzalezen bizkartzain, eta 2012an Xala lagun zuela. Hirurak galdu egin zituen. 2014an, aldakako lesioa gainditu ezinik, kirol ibilbideari amaiera eman behar izan zion. Ez zen izar handi bat, baina izar handientzat, haien luzimendurako, bizkar-tzain aproposa izan da. Eskuin luzea, ezker bikaina, estetikoki zinez dotorea, pilotari gustagarria. Inoiz ez du lerroburu deigarririk eman, egundo ez du atseden seteko aulkirik birrindu, sekula ez dio inori purrustada edo keinu itsusirik egin. Pilotari, epaile, enpresari zein kazetarien artean, ez dago haren jokaeraz aurkako hitz bat esango duenik. Beti zuzen, beti abegitsu, beti gizon. Aritzen inguruko batek nik aurreko partida batean oker emandako datu bat zuzendu zidan behin, haren aurrean. -Guk ere jotzen dugu txapa, eta Xabierrek ere izango du noizbait pilotaren bat galtzeko eskubidea- esaldiarekin eman zuen epaia Aritzek, besteari arrazoirik kendu gabe eta nire hanka-sartzea justifikatuz. Dotore. “Emoixok, Lasku!” zioen pankarta eraman ohi zuten soraluzetarrek, euren mutila animatzeko. Atzo omenaldia egin zioten. Tokatzen zitzaion modukoa: handikeriarik gabea, xinplea, hurbila, goxoa. Pilotaren urrezko orrialdeetan izar handien izenak agertzen dira, baina askotan oroimenean indar gehiagoz txertatzen da jokoz eta jokaeraz hunkitu gaituztenen arrastoa.

 

Xabier Euzkitzek iragan igandean, apirilak 26, Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide