Zerrenda zuria

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2015ko api. 13a, 18:11

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

"Hiru dendak eskaini didate lana. Hirurak ibili dira borrokan, zeinek eskaintza hobea egingo. Izan ere, Donostiako alde zaharrera frantziar asko etortzen da, eta nik oso ongi menperatzen dut frantsesa."

Neure inguru samarreko neska baten hitzak dira, arropa denda batean egiten du lan. Oso saltzaile ona da, inondik ere, eta aski ongi prestatua. Pentsa, paristarren bat joaten bazaio, ez zaio irudituko Rue de Rivolin ez dabilenik, azentu eta ahoskera bikainez erantzungo dio. Zarauztik edo Tolosatik joan eta "egun on!" esaten badiozu, ostera, berehala ohartuko zara saltzaile xarmant eta argi horrek ez duela "baita zuri ere" erantzuten ikasteko betarik izan. Zer axola dio, ordea, Zarau-tzen eta Tolosan gaztelaniaz ez dakienik ez dago eta! Ez gaitezen garrantzirik gabeko ñabarduretan ito!

Bilbon, oinez gure lantokitik bost minutura dagoen taberna-jatetxe batean, "egun on!" esanez sartu naiz aste honetan. Beste askotan bezala, denok batzen gaituen gaztelania batuan artatuko nindutela espero zuen nire subkontzienteak, baina mutil gazte segail batek "halan ekarri!" erantzun zidan salmahaiaren beste aldetik. Horrek ez zuen txakolina onduko, ez janaria goxoago bilakatuko, baina zerbitzua askoz hobea izan zen, etxean nengoela sentiarazi baitzidan. Orain ez da taberna-jatetxe bat, neure txoko kuttunetako bat baizik.

Facebook-en bitartez komunikatzen garen zenbait euskaltzalek -askoren begietara euskararen taliban koadrila bat- ideia bat darabilgu esku artean: herriz herri edo eskualdeka euskaldunei begirako gida moduko bat osatzen joatea. Non baxoerdi bat edan, mokadu bat jan, praka batzuk erosi... euskaraz. Horrela, haintzat hartzen gaituzten taberna, jatetxe, denda, tailer eta zerbitzuei balioa ematen lagun dezakegu, geure buruari atsegina eta gure hizkuntzari lehentasuna emanez. Hitz bian esateko, herritarrek, dagoen erakunderik sakratuenak, emandako ziurtagiri gisako bat. Erabakitzeko dago zer nolako sailkapenak egingo ditugun, baina ikustekoa izango da zenbat zerbitzu ustez euskalzale geratuko diren zerrendatik kanpo, edo lista beltzean. Nik badut neure zerrenda, eta leial izaten saiatzen naiz. Ez inor zigortzeko, errespetatu eta etxean bezala sentiarazten nautenak lehenesteko baizik.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzi artikulua da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide