Zori(-)ona

Erabiltzailearen aurpegia
Zoriona. (Argazkia: Pixabay)

Xabier Etxanizek otsaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Zori(-)ona'.

Ez diot inoiz horoskopoari jaramonik egin. Beno, egia esan, bai. Soilik iragarpena nire zeinuarentzat positiboa  izan denean egin izan diot kasu, eta ez irakurriarena egin dut seinale negatiboak agertzen direnean. Eta kontraesan horrekin batera hasi dira nire alderdi mistikoa eta matematikoa borrokan.

Probabilitateak zorizko edo ausazko gertakizunen jazotze ziurtasuna azaltzen du. Esaterako, Gabon zaharretako poteoan tragoa soilik hartzen baduzu, eta kartarik ez erosi, urdaiazpikoa etxera eramatea ezinezko gertakizun bat izango da. Aldiz, tragoa hartu bai, eta karta guztiak ere zeuk erosten badituzu, ziur urdaiazpikoa zurekin eramango duzula etxera.

Baina bi kasu horietan, zorteak ez du zerikusirik izan. Lehenengoan, urdaiazpikoa etxera eramateko aukera bakar bat ere ez duzu izan, eta bigarrenean, aldiz, horretarako aukera guztiak zeuk izan dituzu. Lehenengoan, gertakizuna ezinezkoa zen, eta bigarrengoan, ziurra.

Zenbat aldiz gertatu zaizu hamar karta erosi eta saririk ez tokatzea, eta karta bakarra erosita urdaiazpikoa bizkar gainean duzula poteoan segitzea? Hori bai, hori zori ona da.

Gabonetako karta jokoan jokatzen duen horietakoa naiz ni. Kuadrillan, gainera. Taberna guztietan karta kopuru bera erosten dugu; hau da, saria irabazteko probabilitate berbera izan dugu matematikoki. Baina denetik bizi izan dugu: bazkari bat egiteko adina tokatu izan zaizkigun Gabon gauak, eta etxera esku hutsik joan garen Urtezaharrak.

Zorte ona dugunean, alaiago egoten gara, zoriontsuago. Baina zori ona eta zoriona gauza bera al dira? Niretzat ez.

Lehen jarritako adibidearekin jarraituko dut: zori ona da gutxi jokatu eta urdaiazpikoarekin etxera joatea. Soilik zori ona, ez zoriona. Zoriona da saria etxera eramateko ilusioa ez galtzea. Zoriona da karta saritua ateratzeko unea lagunekin urduri eta kitzikatuta bizitzea. Zoriona da tokatu ez arren, urdaiazpiko horren falta ez sumatzea. Eta urdaiazpiko gabe baina irribarre batekin etxera joatea.

Zori ona da hondartzara joan eta egun eguzkitsua suertatzea. Zoriona da hondartzara joan, eta ekaitza etorri arren, euritan hankak gustura bustitzea. Zori ona da Erasmusera joateko izena eman eta nahi ez zenuen norakoa suertatu arren, han lagun onak aurkitzea. Zoriona da han ezagututako ezezagun bat hamarkada bat geroago ondoan duzula sentitzea. Zori ona da bizkarreko minez egonda masaje bat jasotzeko beta izatea. Zoriona da maite duzun eta zaituen horrek krema potoa eskuan duela masaje bat jasotzea nahi al duzun galdetzea. Zori ona da angulak merke samar inguratu eta edonorekin bazkari bat egitea. Zoriona da sobreko zopa zikin batekin eta tetrabrikeko ardo merkearekin izarrei begira gustuko duzun horrekin afaltzea.

Kartak erosi ditut joan berri diren Gabonetan. Finlandiara joan nintzen bakar-bakarrik Erasmus egitera. Eguraldi ona ala txarra egon, hondartzara joatea gustatzen zait. Masajea nahi dudanean, badaezpada  inguruan galdetu egiten dut. Eta hozkailua hutsik izan arren, aurreko egunetako janari hondarrekin egindako afari batekin korformatzen naiz. Zori onekoa edo zoriontsua izateko, ekintzak egin egin behar dira.

Zori ona eta zoriona. Lehenengoa lortzeko bilatzen ibiliko zara eta etorriko zaizu, edo ez. Zoriona jarrera bat da. Bilatzen baduzu, aurkituko duzu. Ez ezazu zoriona zoriaren esku utzi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide