Gorrotoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxaniz Ulazia 2015ko uzt. 6a, 21:15

Maitatzen dugulako ezagutzen dugu gorrotoa. Kontraesana dirudi, baina sentitzen dugun oro kontrakoa ere sentitzen dugulako ezagutzen dugu. Beroa zer den jakin gabe, nola jakin hotza zer den? Eta argitasunik gabe, iluntasuna zer den?

Gorrotoaren indarra, askotan ikusezina da. Historian izan diren gertakizun ia guztien atzean bera dago. Bi erreinuren arteko gerrak, erlijio-intolerantziak… Mila gertakizun ezberdin, eta guztien atzean sentipen bera. Gorrotoa.

Pentsatzen jarriz gero, geuk ere, gorrotoak bultzatuta borrokatzen dugu. Homofobiaren aurka, eraso sexisten aurka, albokoak siestan gaudenean zarata gehiegi ateratzen duela, eta haren aurka. Besteek gaizki egiten dutena darabilkigu ezpainetan. Hark hau egin du, besteak begira zer pentsatzen duen… Beti besteen gonapean, eta atsegin ez dugun hura salatzen.

Azken hilabeteotan herrian izan ditugu honen guztiaren adibide garbiak. Meskita dela eta, iskanbilak. Zaborren kudeaketa dela eta, istiluak. Gaizki iruditzen zaigun horri aurpegia emateko ez dugu beldurrik.

Ez dugu beldurrik, ausartak garelako. Beste era batera esanda, badakigu beldurra zer den, noizbait ausartak izan garelako.

Orain, udal-gobernuko hainbat partaideren soldata-igoerak zeresana eman du. Ziur nago agintaldia hasi eta egin beharreko lehenengo ekintza hori zela. Ez zegoela aurretik hartu beharreko erabakirik. Azkenean, egia izango da errespetua ezagutzen ez duenak lotsa ere ez duela ezagutzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide