Urratsa egiteko ordua

Xabi Arrieta: 'Entzule orok entzuteko moduko abestia sortu dugu'

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko api. 10a, 09:59

Herriko hainbat musikarik sortutako 'Erabaki' abestia bi egun barru erakutsiko dizuegu. Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute, eta jada prest dago. Maiatzaren 7an joko dute jendaurrean, herri galdeketa egunean.  Xabi Arrieta kantuaren sortzaileetako batekin egon gara.

Urrats taldearen aldarrikapenarekin bat egin, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko abestia sortu dute herriko hainbat musikarik. Xabi Arrieta, Tomas Lizarazu, Jontxu Ape, Jon Andreu, Joxean Elorza, Anari ... musikariek hartu dute parte, besteak beste. Abestiaren letra, berriz, Eneritz Artetxe eta Silvia Etxaniz bertsolariek sortu dute. Horietako bat, Xabi Arrieta, elkarrizketatu dugu, abestiaren nondik norakoak ezagutzeko.

  • Nolako abestia da?

Sortu dugun abestia pop-rockeroa da, esanahi handia duen letrarekin eta  errepika edo estribillo itsaskorrarekin.

  • Zenbat lagunek hartu duzue parte?

Sei pertsonak hartu dugu parte: Jontxu Ape (baxua), Tomas Lizarazu (gitarra), Jon Andreu, Anari eta Elortxa (ahotsak) eta Xabi Arrieta (bateria).

  • Sortze prozesua nola joan da?

Tomas, Jontxu eta nik sortu dugu musika. Hirurok talde berdinean jotzen dugula kontuan izanda, erraza egin zaigu abestia sortzea. Ostegun batean lokalean geratu eta Jontxuk atera zuen melodia batetik abiatu ginen, eta entsegu batean sortu genuen abestiaren musika. Hurrengo entsegura Andreu etorri zen eta ahotsaren melodia finkatu genuen. Azkenik, letra sartu genion musikari.

  • Zer hartu duzue kontuan sorkuntza prozesu horretan?

Abestiaren helburua kontuan izanik, berehalakotasuna bilatu nahi izan dugu; hau da, entzule orok entzuteko modukoa izatea nahi genuen eta uste dut asmatu dugula.

  • Eneritz Artetxek eta Silvia Etxanizek egindako bertsoak  zuenera moldatzea erraza izan al da?

Hasiera batean, buelta batzuk eman behar izan dizkiogu. Izan ere, abestiaren melodia eta musika aterata zeuden, eta ondorioz, letra piska bat moztu egin behar izan genuen. Baina egia esan, ongi egokitu zaio abestiari. Letrak rollo positiboa transmititzen du, ilusionista da eta abesti honen helburua ere kontuan izanik, oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

  • Maiatzaren 7an Azkoitian eskainiko duzuen kontzertuan abestia zuzenean entzuteko aukera izango dugu

Gogotsu gaude maiatzaren 7an eskainiko dugun kontzerturako. Etxean joko dugu eta hori beti berezia izaten da. Eta beti bezala dena emango dugu!

  • Non egin dituzue grabaketa lanak?

Zestoako Gaztain estudioan grabatu dugu abestia, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Laguna dugu eta erraza izan da berarekin lan egitea.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide