Eukaliptoaren eraginaz bilera, Azkoitiko talde politikoekin

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2021ko api. 21a, 12:22
Kolore guztiak dituen baso hostoerorkorra, biodibertsitate aberats baten eredu.

Gaur goizean Azkoitiko hainbat talde politikoetako (EAJ-PNV, Bildu, PSE-PSOE eta Azkoitia Bai) ordezkariekin bildu gara eukaliptoak ingurunean duen eraginari buruzko azalpen batzuk entzuteko. Aitor Larrañaga, EHUko irakaslea eta Biologian Doktorea, izan dugu hizlari.

Eman dizkigun azalpenetatik, guztiak ekologiaren ikuspegitik emanda, ondorio labur bat atera dugu: eukaliptoa kaltegarria da ingurugiroarentzat, bai euskarri den lurrarentzat eta baita bertan bizi diren espezieentzat ere.

Erakunde publikoek legedia ona prestatuta dutela aipatu da, baita legedia horretan azaltzen diren hainbat figura (baso babeslearena, adibidez) ez direla orain arte inoiz praktikan jarri. Adierazi da, gainera, ez dela somatzen erakundeek, kasu honetan Gipuzkoako Aldundiak, Baso Plangintza (1994-2030) eratu zuenak, egoera berriaren aurrean (pinuen banda marroia, Douglas izeiaren izurria, eukaliptoen landaketa masiboak, mendietan ikusten diren matarrasa izugarriak…) plangintza berria eratzeko asmoa duenik eta, beraz, 2030 urtera arte jada zaharkituta gelditu denarekin jarraitu beharko dugula.

Baserritarrak ere egoera honen aurrean oso kezkatuta daudela azaldu da bilkuran, ez dutelako batere garbi pinuaren zikloaren ondoren zer egin behar duten bere lurretan. Aholkularitza zuzen eta egoki bat faltan botatzen omen dute.

Bileratik bi ideia atera ditugu, beste hainbeste azaldu badira ere, praktikan jar daitezkeenak:

a) Udalaren inplikazioa ezinbestekoa da, lurraldearen eta bertan bizi diren baserritarren egoerengatik gertuen dagoen erakundea delako. Beraz, baserritarren zalantzak argitzeko eta informazio egoki eta objektiboa eskaintzeko asmoz, agian aholkularitza zerbitzu bat eskaini zezakeen.

b) Azkoitiko ondare naturalaren diagnosi bat beharrezkoa da, ez dakigulako oraindik zein egoeratan dagoen: non daude bertako baso hoberenak?, zein egoeratan daude?, zer espezieez osatuta daude?, neurri berezirik behar duen eremurik ba al dago?… Hainbat galderek oraindik ez dute erantzunik.

Bilera benetan aberasgarria izan da, eta norbaitek esan duen moduan, asko ikasi dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide