'U30 Aldaketaldia' ekimeneko ibai garbiketari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2021ko ots. 2a, 08:26

Larunbat goizean Urola ibaiko garbiketari ekin genion U30 Aldaketaldia ekimenarekin bat eginez. Deialdiari hamabost bat pertsonak erantzun genion eta guztion artean Azkoitia sarrerako zubitik San Juaneko zubirainoko ibai ertzak garbitu genituen.

Izugarria izan zen hain tarte txikian ateratako zaborra. Eta denetatik gainera. Zoritxarrez, garbiketetan elkarri egiten diogun galdera ez da jada "gaur zer gauza atera ditugu?", baizik eta "gaur zer ez dugu atera?". Gure ibaiak eta errekak zaborrez beteta daude, eta urak igotzen direnean are eta indar gehiagorekin eta urrutirago daramatzate zabor horiek guztiak.

Errealitate honek arazo bikoitz baten aurrean gaudela adierazten digu: alde batetik, arazo ekologikoa, ingurumena zikintzen eta kutsatzen ari den zabor guzti horrek ondorio kaltegarriak dituelako ibaian bertan eta, behin itsasora helduta baita itsasoko ekosisteman ere. Bestetik, arazo zibiko handi baten aurrean ere bagaude. Ibai ertzetatik atera ditugun hondakin horiek ez dira bapatean iritsi: norbaitek bota ditu. Eta hori harritzekoa da 2021. urtean. Gure gazteek eskoletan ingurumenari buruzko hainbat lekzio, hitzaldi, proiektu eta abar lantzen dituzte. Helduok, berriz, une oro irakurtzen, entzuten eta ikusten ditugu gure ingurumenak bizi duen egoera kezkagarriari buruzko albisteak. Horregatik, sinesgaitza egiten zaigu ibaiak eta errekak hain gaizki ikustea. Batzuk ez dira ohartzen bere arduragabekeriagatik ingurumena kaltetzen, eta, aldi berean, herritar guztion eskubideak urratzen ari direla: inguru garbi eta osasuntsu batean bizitzeko eskubidea dugulako. Noiz arte jasan behar dugu egoera hau? Hain zaila al da hondakinak eta zaborrak dagozkien tokietan botatzea?

Bestalde, kontziente izan beharko ginateke gu naturarekin bat garela eta ingurumenari egiten dioguna bueltan etortzen zaigula, geure buruari egiten baitiogu.

Ibaiak garbitzea ez da arazoaren soluzioa. Konponbidea erraza da eta guztion eskuetan dago: zentzuz jokatzea, arduratsuak izatea eta beste herritarren eskubideak errespetatzea. Esaten den moduan, "Ez da txukunena gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik".

Era arduratsuan jokatzen ez dugun bitartean, gure taldeak horrelako ekintzak egiten jarraituko du, baita herritarron laguntza eskatzen ere. Larunbatekoan parte hartu zenutenoi, mila esker.

Kutsatzerako eskubiderik ez delako existitzen, errespeta ditzagun natura eta herritarron eskubideak: arduratsuak izan gaitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide