Eukaliptoa, gure mendietako gonbidatu berria

Erabiltzailearen aurpegia Urola Bizirik natur taldea 2020ko abe. 4a, 09:42

Konfinamenduan gaudenetik naturan eta mendian arnas gunea aurkitu dugu. Askok, agian, ez dute gauza handirik sumatuko, baina mendian ibiltzen garenok antzeman ditugu bai, azken urte honetan aldaketa handiak: baso ugari guztiz suntsituta eta espezie berri batzuen presentzia are eta handiagoa, horien artean nabarmenena eukaliptoarena.

Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Bizkaian espezie horretako masa trinko asko daude jada, eta orain, Gipuzkoara heltzen ari zaizkigu. Komunikabideak jarraitzen dituenak ondo jakingo du eremu horietan zer arazo larri egon diren landaketa masibo horien inguruan azken urteotan.

Gure inguruan eukaliptoaren presentziara ohitzen ari bagara ere, espezie arrotza da. Pinus radiataren gaitzaren ondorioz (banda marroia), pinudi ugari hiltzen eta botatzen ari dira. Gero, baso ustiapenean jarduten duten lurjabe handiek pinuaren ordez eukaliptoa, australiar espezie hau, sartzen dute.

Zientzialariek duela hamar bat urte adierazi zuten espezie hau "inbaditzailea" dela; Nekazaritza Ministerioak ez badu zerrenda horretan sartu presio ekonomikoak direla tarteko izan da. Eta duela gutxi, Euskal Legebiltzarrak eskaturiko beste txosten batean, zientzialariek adierazi dute eukaliptoak kalteak besterik ez dituela ekartzen bera landatzen den tokietan: lurzoruaren mikrofaunarentzat eta bakterioentzat, hegaztientzat, onddoen dibertsitatearentzat, anfibioentzat, erreketako arrainentzat, erreketako mikrobioentzat… Haien txostenean esaten duten moduan: "Aurkitutako emaitzak bildu ditugun ia 30 aldagaietatik, ia ez dago eukaliptoek ingurumen-eragin positiborik duenik". (Dokumentua hemen aztergai).

COVID-19ak erakutsi digu zein garrantzitsua den kalitatezko ingurumen batean bizitzea. Adituek dioten moduan, birusaren hedapenaren arrazoietako bat ekosistemetako bioaniztasunaren pobretzea izan da. Gipuzkoan indartzen ari diren industria monokultiboen bitartez ez gara bioaniztasuna indartzen ari, ez dugu kalitatezko paisaia eta ingurumena sortzen eta beraz, etorkizunean ere arazo berdinean erortzeko arriskuan egongo ginateke. Horregatik, gure helburua da bertako basoa, ez monokultiboa, zabaltzea eta berreskuratzea. Ezinbestekoa ikusten dugu arlo honetan konpetentziak eta ardurak dituzten administrazioek, hau da, udalek eta foru aldundiak, planifikazio egoki bat egitea.

Urola Bizirik Natur Taldean argi dugu ez dugula horrelako etorkizun bat nahi eta gure herrietako erakunde, eragile eta herritarrak hausnarketa honetan parte hartzera animatzen ditugu, asko baitago jokoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide