Gutuna

Azoka, berriro martxan?

Erabiltzailearen aurpegia

Urola Bizirik natur taldeak honako gutun hau bidali du Azkoitiko baserritarren azoka gai hartuta.

Asteazkenean –apirilak 8– iritsi zen Eusko Jaurlaritzaren agindua: baserritarren azokak egitea debekatu zuten. Ostiralean –apirilak 10– Azkoitiko Udalak honako berri hau plazaratu zuen: "Bederatzi ekoizlek eta baserritarrek etxez etxeko zerbitzua eskainiko dute bihartik aurrera, betiko bezeroak eta erosleak ez daitezen euren produkturik gabe geratu konfinamendu garai honetan".

Bitartean, larunbatean –apirilak 11–, beste herri batzuetan azokak egin zituzten bertako udalek baimenduta, hala nola Oñatin, Ondarroan, Eibarren, Zarautzen, Bergaran eta Donostian (Bretxa). Betiere, segurtasun protokoloak jarraituz, bertako baserritarrak eta bezeroak babestuz eta azokek duten balioa eta egiteko ona eskertuz. Egun berean, 200 eragilek baino gehiagok –udal batzuk barne– azokak berriz irekitzeko eskatu ondoren, Jaurlaritzak atzera egin zuen azokak egiteko debekuarekin.

Azkoitiarrok ordutik ez dugu udalaren berririk, ez dakigu zein den haren asmoa. Azoka berriro martxan jarri al dute? Agian bai, baina ez dute jakinarazi. Itxiera jakinarazi ziguten, eta irekiera ez? Gure taldeak lehenbailehen informazioa bere webgunearen bitartez plazaratzea eskatu dio udalari, egon daitekeen informazio eza argitzeko.

Baserritarrentzat herriko azoka izaten da produktuak saltzeko leku nagusia, eta udalaren eskumena denez, erakunde horrek neurriak hartu behar ditu garbitasuna bermatzeko eta jendearen arteko harremana ziurtatzeko.

Ez dira garai samurrak lehen sektorearentzat; beraiei esker ditugu beharrezkoak diren produktuak, ekologikoenak, osasuntsuenak, gozoenak... Ostiralean –apirilak 17–, Nazioarteko Nekazal Borrokaren Eguna da, eta baserritarren eskubideen alde hainbat ekintza egin ohi dira. Hona hemen horietako bat, baratzeen aldekoa. Guk eman dugu izena, eta zuek? Animatzen al zarete? Inoiz baino gehiago, hurbildu gaitezen Azkoitiko azokara gure baserritarren produktuak erostera!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide