Visesako zuzendariak babes ofizialeko etxebizitzen lursailak bisitatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Udala 2016ko aza. 18a, 17:12
Atzo, hilak 17, Visesako zuzendariarekin bilera izan zuen Javier Zubizarreta alkateak.

Javier Zubizarreta alkatea eta Visesaren zuzendari nagusia, Marcos Muro, udaletxean bildu dira bi aldeek amankomunean dituzten proiektuez mintzatzeko. Marcos Murok herrira bisita egin nahi izan du zuzentzen duen sozietate publikoak babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituen lursailak pertsonalki ikusteko eta aztertzeko. Muroren presentziak berretsi egiten du hartutako konpromisoak aurrera eramateko Visesak duen borondatea. Horrek esan nahi du Azkoitian urte batzuen buruan babes ofizialeko 45 etxebizitza berri eraikiko direla gauzak ondobidean.

 

Kokalekuak ezagunak dira dagoeneko. Floreagan, 2010. urtera arte Helduen Eskola Publikoa egon zen tokian, bi etxe bloke eraikiko dira. Batean 16 BOE joango dira, eta bestean, beste 14. Azken hauek Alokabideren esku geratuko dira alokatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, Visesaren bidez, atera ditu jada lizitaziora exekuzio proiektuaren erredakzioa, obren zuzendaritza eta gunearen urbanizatzea.

Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak 2007an sinatu zuten Floreagan babestutako etxeak egiteko akordioa. Alabaina, urte guzti hauetan ez da aurrerapausorik eman orain arte. Orain, ordea, lortu da proiektua bideratzea, hasierako tramiteei ekinez.

Idiakez Etxean ere babes ofizialeko etxeak eraikiko dira. Visesaren Administrazio Kontseiluak urriaren 3an onartu zuen egitasmoa. Oraindik azkarregi den arren datak ipintzeko, proiektuaren arabera, 14 edo 15 etxe egingo dituzte, andamioek ezkutuan mantentzen duten eraikinaren irudia atzean utziz. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide