Txerloiko futbol zelaian hobekuntza gehiago egiteko eskatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Udala 2015ko urr. 9a, 10:06
Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak Azkoitian izan dira.

Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak Azkoitian izan dira 2011n eta 2012an San Juango eta Txerloiko futbol zelaietan obrak egiteko diruz lagundutako lanak ikuskatzeko. 

Ikuskaritza lanek iraun duten bitartean, alkateak Txerloiko futbol zelaian hobekuntza gehiago egiteko landutako proiektua aurkezteko aukera ere izan du. Proiektu honek aurreikusten dituen lanetarako ere diru-laguntza eskatuta du Udalak.

 

Proiektu saileko arduradun Jesus del Barrio eta Diru-laguntzen Ikuskaritza Fiskalaren Zerbitzu buru den Raul Ureña izan dira eta Javier Zubizarreta alkateak berak lagundu die gainbegiratze lanetan. Ondoan izan dituzte Anaitasunako idazkaria, Maider Cincunegui, eta diruzaina, Jon Ander Azkue. Kontseiluaren ordezkariek egiaztatu ahal izan dute egindako obrak laguntzak eman ziren helburuetara egokitzen direla.

Orduan San Juango futbol zelai ondoko lokala gimnasio bihurtu zen eta Txerloian argi artifizialaren instalazioa egin zen. Kontseiluko ordezkariek ontzat eman dituzte obrak.

Hala ere, alkateak Txerloiko futbol zelaian hobekuntza gehiago egiteko landutako proiektua aurkeztu nahi izan du. Hiru dira aurreikusten diren esku-hartze nagusiak. Batetik, tribunan bizkarraldea duten eserlekuak jartzea da asmoa, gaur egun esertzeko dauden egurrezko oholak ordezkatuz. Bestetik, erabiltzaile gehiagorentzat ahalmena duten aulki homologatuak jarri nahi dira. Exekutatuko litzatekeen bigarren puntua da estalitako gune bat eraikitzea pertsonalarentzat, alegia, sarrerak saltzeko estalitako lehiatila bat. Azkenik, proiektuak markagailu ingurua estalpe batekin babestearen beharra aintzat hartzen du, jarraitzaileek erabili dezaten orain erabat zabalik dago-eta.

Esan bezala, lan hauetarako Udalak eskatuta du diru-laguntza, eta oraingo fasean erabakiko dute zein diren diruz laguntzea merezi duten proiektuak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide