Argazki erraldoia, Xabier Muniberen mende erdia ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Guraso Elkartea 2019ko urr. 1a, 17:34

Xabier Munibe ikastolako kideak ospakizunetan murgilduta dabiltza, ikastetxeak 50 urte bete dituelako aurten. Hango kideak hasita daude ikastetxearen mende erdiko ibilbidea ospatzen, eta horren erakusgarri izan dira gaur atera dituzten argazki jendetsuak. Eguerdian, Javier Zubizarreta alkatea eta Mari Jose Arregi Hezkuntza zinegotzia gonbidatu dituzte ikastetxera, eta hango irakasle zein ikasleekin argazkia atera dute.

Arratsaldean, 17:00etako txirrina jotzearekin bat, antzeko irudia errepikatu da ikastetxearen atarian; izan ere, beste argazki bat atera dute ikasleek, baina gurasoak batu dira hitzordu horretara. Eguerdian zein arratsaldean, 1.000 haur inguru elkartu dira atarian urteurrenaren harira eta arduradunek azaldu dutenez, ekintza gehiago izango dira ikasturtean zehar. Aurretik ere hamaika ekintza egin dituzte urteurrenaren harira; joan zen ikasturtean, logo lehiaketa antolatu zuten, eta logo irabazlearekin jertseak jarri zituzten salgai. Ikasturte hasieran, berriz, motxilak oparitu zizkieten ikasleei. Aurreko astean, gainera, Silence taldeak urtemugarako sortutako abestia aurkeztu zuten ikastetxeko ikasle eta irakale ohiek eta musikariek. Hain zuzen ere, kantua ikastetxeko bozgorailuetatik entzuteko aukera izango dute gaur argazkietarako elkartu direnek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide