Mendi irteerak umeekin: salda badago!

Erabiltzailearen aurpegia Udaberri Guraso Elkartea 2019ko eka. 4a, 09:52

Aurtengo ikasturtean, lehenengo aldiz, Azkoitiko hiru ikastetxeetako (Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Salestar Ikastetxea eta Bizilore Eskola Aktiboa) guraso elkarteek elkarlanean antolatu ditugu mendi irteerak, eta egia esan esperientzia ederra izan da!

Lau irteera izan dira guztira. Otsailean Iturriotz - Zelatun - Etumeta ibilbidea egin genuen, martxoan Zumaiko ibilaldi neurtura joan ginen eta apirilean Araotz - Aitzulo - Orkatzategi - Araotz ibilbidea. Hiruetan, heldu zein umeek, txoko, paisaia, eguraldi eta giro ederrez gozatu ahal izan genuen.

Joan den larunbatean, ekainak 1, ikasturte honetako azkenengo irteeran, zerbait berezia egin nahi genuen ikasturteari amaiera emateko eta mendi ibilaldiei kutsu berezi bat gehitzeko. Aitolatik abiatuta, kartografia, orientazioa, zuhaitzak, animaliak eta leku-izenak landuz, mendia ezagutzeko eta gozatzeko modu berri bat erabili genuen: EGIN BIDEA ZURE ekimenaren lehenengo edizioa. Gure txokoak behatu, xehetasunetan erreparatu eta berauen xarma umeengana gerturatzea lortuko ote genuen! Zerbait piztu genuelakoan gaude, beraien jakin-mina alde agertu baitzen.

Bost ibilbide prestatu genituen, eta betiko eta ohiko bideetatik irtenez, gure inguruko txoko ezkutuak ezagutzeko aukera izan genuen. Arrubioaren ibilbidea, orkatzarena, katagorriarena, kukuarena eta belabeltzena. Umeek izugarri disfrutatu zuten, eta guk ere bai, noski! Mapa eta ipar-orratzarekin bidea aukeratzen, bidean zehar ezkutatuta zeuden balizak bilatzen, inguruko zuhaitz, animalia, aztarna eta leku-izenak landu eta barneratzen, jolasean ikasten.

Iparra non ote zegoen… eta bazen umerik itsasoa zegoen alde hartara seinalatu eta han! esan zuenik, eta bai, ipar-orratza erabiliz egiaztatu genuen: iparraldea, hantxe zegoen. Mapa hartu eta nora abiatu erabaki zuen talde bakoitzak, kilometro batzuk egin eta amaieran guztiok berriro puntu berean elkartzeko.

Liburuxka bat eman genion ume bakoitzari. Bertan bost zuhaitzen hostoak bildu eta identifikatu behar zituzten, baina baziren dozena bat ere bildu zituztenak, liburuxkak hostoz gainezka. Lizarra edo akazia ote zen… pagoa edo urritza… gorostia ala artea… sahatsa ala zuhandorra... Animaliak eta berauen aztarnak ere behatu genituen, gure barre eta deiadar, asko ezkutatu egingo ziren, baina bateren batzuk ikusteko aukera izan genuen: belea, zapaburuak, uhandre palmatua, sorgin-orratza, zirauna, satorra (hilda omen), orkatzaren eta basurdearen oinatzak eta ume batzuen arabera baita trikuaren oinatzak ere (esaiezu ba ezetz!). Batzuk azkonarraren oinatza zela lokatzetan zegoen hura eta ilusioz gustura, baina bazen matematikariagoa zen ume bat, hark 5x4cm, hau da eta berak kalkulatuta, 20 cm 2 ez zituela, handiagoa zela eta nola ba! hura ez omen zen azkonarrarena. Gaztelu, Begiratoki, Aitolako kurutzea, Marikutzeko potzua, Gurutzeko aitza, Aitolako punta, Zelai-txiki…. toponimia ere landu genuen, antzinatik datozkigun izenak gure egunerokora ekarriz. Eta bai, balizak nork gehiagokan jaso zituzten, gure umeek kolorez margotutako bost baliza zeuden ibilbide bakoitzean, batzuk bigarrena han nonbait ahaztuta utzi zuten arren… jasota gelditu ziren, bidea egin izanaren frogagiri.

Amaitzeko nola ez, ordubatetakoa bihurtu zen hamaiketakoa egin genuen. Bertako produktuak izan genituen mahaian. Zabaleta baserriko ogia, Erribera baserriko gazta, menbrillo eta intxaurrak, Solaka baserriko madalenak, Beloki harategiko txistorra, haragi egosi eta hirugiharra, eta su motelean egindako salda ederra ere bai.

Hainbat lagunen elkarlanari esker lortu genuen. Salda badago!

Eskerrik asko parte hartu zenuten guzti-guztioi.

Hurrengoan berriz! Irailerako zerbait berezia baitarabilgu buruan...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide