Handienak

Erabiltzailearen aurpegia Tomas Lizarazu Gonzalez 2016ko uzt. 18a, 10:59

Txalotu ditzagun handiak, entzuteko moduan eta harro plantan. Haiek egindako oro goraipatu eta haien izenak mundura zabaldu. Dantzan, baloiarekin, bizikletaz edo kamera aurrean, berdin dio horrek. Handiak dira, eta hori da hain miresgarri egiten dituena, beraien handitasun bat-bateko, perfektu eta iheskor horixe.

Orain dela gutxi topo egin dut bete-betean handitasunaren inguruko paradoxa batekin, eta gaurko egunez nonahikoa da hori nire egunerokoan. Aurretik ere bertan egongo zen, ziur, baina, sudurra bezala, muturrean edukita ere ikusezin egiten zitzaidan.

Herri txiki batean bizi gara, bai. Sormenez leporaino dagoen herri txiki batean, ordea. Jauzi egitera ausartu den jendeaz inguraturik gaude. Betiko esferatik irten, inertziari kontra egin, eta bide berriak esploratzen zailduak diren jendeaz gainezka. Sortzaile gara antzerkian, dantzan, kiroletan, argazkilaritzan, margoekin, bertsotan eta kazetaritzan. Baina kalean ez da sortzailerik ageri. Herri txiki honetako kaleetan ez dago arterik.

Atzerrian bai. Atzerriko aktoreak, youtuberrak, antzezleak eta musikariak maite ditugu guk. Handiak direlako, zergatik bestela? Atzerritar kondizio horrek berak handi egin dituelako hain zuzen. Badirudi kanpoko eskuetan dagoela handitasuna eman edo kentzeko ahalmena; kanpoan uzten dugu horretarako giltza eta boterea. Guk, bitartean, ezin dugu handitasunik aitortu; atzerriko onarpenik gabe ez gara gai handitasunari antzemateko muturrean edukita ere.

Ahalmen horren gabezia dela medio, handi izateko bidean doazen etxeko asko nahita edo nahi gabe zapaldu egiten ditugu. Ulertu ezean, kritikaren eta indiferentziaren labanaz hegoak mozten zaleak gara, nahiz eta geuk ere jauzi egitearekin amesten dugun noizbait. Handienak izango liratekeen hainbat jaitsi ditugu gorako bidetik gure parera; hankak lurrean jarri dizkiegu, gure ustez noski.

Hala ere, bada hegorik gabe aurrera jarraitzen duen sortzailerik. Atzerrian aurkitzen dute babesa, hego gabeko hegazti migratzaileak dira. Kanpoan dira estimatuak eta merezi duten errespetuaz hartuak. Kanpoan atzerritar kondizioa dute, eta han egiten dituzte handi.

Hori bai, etxera itzultzerako geuk ere handitzat hartzen ditugu. Haien itzulera txalotzen dugu, aurretik moztu dizkiegun hegoak besapean ezkutatzen saiatzen garen bitartean.

Zerk bultzatzen gaitu sormena kanpoko iruditan bilatu eta aitortzera, bertan dagoenari entzungor egiten diogun bitartean? Ez dakit, baina gaur gure herri txiki hau sortzailez goraino dago, eta aurrerantzean horiexek izango dira handienak niretzat. Hemengoa izateaz harro sentiarazten nautenez, gaurtik horiek harro plantan eta entzuteko moduan txalotzea erabaki dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide