Txerloia Tenis Klubak bere helburu nagusia lortu du: TENISA DENENTZAT izatea

Erabiltzailearen aurpegia Txerloia Tenis Kluba 2018ko aza. 4a, 11:45

Azkoitian 1988. urtean hiru tenis pista egin ziren, eta garai haietan ez zen ohikoa herri batean udal tenis-pistak izatea; tenisa aberatsen kirola zen, eta klubak normalean pribatuak ziren. Hasiera haietan sortu zen Anaitasuna Tenis Elkartea, eta gogor ekin zioten txapelketak eta ikastaroak antolatzeari, baina urte batzuk pasatu, eta taldea desegin egin zen. Bertako bi kidek jarraitu zuten lan horietan: Karmen Zendoiak, Txerloia Tenis Klubeko gaur egungo presidenteak, eta Ainhoa Peñak, tenis eskolako arduradunak. Herri mailako tenis txapelketak antolatzen jarraitu dute urte hauetan guztietan, eta 2008. urtean, udako ikastaroei jarraipena eman nahian, Azkoitiko Tenis Eskola sortzea erabaki zuten. Ikasle gutxi batzuekin hasi, eta gaur egun 200 ikasletik gora izatea lortu dute.

 

Tenis eskolako taldea hiru monitorez eta bi laguntzailez osatua dago. Taldeak bat egiten du helburuak lortzeko, eta ahal duen maila handiena ematen saiatzen da, errespetua eta tolerantzia sustatuz eta kirolaren bidez balioak irakatsiz, bereziki solidaritatea eta lagunartea. Gehientsuenak astean behin etortzen dira entrenatzera, eta gero beraien arteko txapelketak jokatzen dituzte. Teknifikazioa ere bada tenis eskola barruan lehiatu nahi duten gazteentzat; haiek astean bi edo hiru entrenamendu egiten dituzte. Urtean zehar, eskola kirolean ere egiten dira tenis saio batzuk.

Emakumeen kirola sustatzen du klubak, udako ikastaro bereziak antolatuz, urte osoan entrenamenduekin jarraipena emanez eta beraien artean jokatuko dituzten banakako eta binakako txapelketak antolatuz.

Azkoitiko Opena da txapelketa garrantzitsuena. 1990. urtean antolatu zen lehenengo aldiz; afizionatu mailan Gipuzkoako txapelketarik zaharrena da, eta ordutik hona ia urtero antolatzen da. Aurtengo denboraldian 27. opena izango da. Esan genezake Urola bailaran eta inguruetan erreferente bihurtu dela Azkoitia tenis munduan.

Urte hauetan guztietan egin dena txtenis.com webgunean azaltzen da: argazkiak, bideoak eta denetariko informazioa, tenis eskolako izen emateak, txapelketak, pisten erreserbak…

30 urte pasatu dira tenis pistak egin zirenetik; ordutik hona lan asko egin da isilean, eta orain ari gara horren emaitzak ikusten. Lan horrekin jarraitzeko behar-beharrezkoa da instalazioak hobetzea, eta tenis pista bat estaltzeko eta aldagelak jartzeko eskaera aspaldidanik du egina klubak udalean, egunen batean egingo diren esperantzarekin.

Beste kirolekin konparatuz, tenisak badu zailtasun handi bat: profesionala izaten saiatu nahi baduzu, gastuak izugarriak dira, eta mundu osoko jokalari gutxi batzuentzat bakarrik dago lekua hor goian. Baina nork daki; egunen batean, agian Azkoitiko Tenis Eskolatik Roland Garroserako bidea egin dezake norbaitek!

Kasurako, Idiazabalgo neska gazte bat hasi da bereizten. Gogoratu izen hau: Anne Mintegi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide