2022ko martxoaren 8a

Sostenipe talde feministako kideek ibilbidea amaitzea erabaki dute

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2022ko mar. 3a, 08:43
Martxoaren 8 batean Sostenipek deitutako elkarretaratze bateko irudia.

Agur mezu bat bidali du Sostenipe talde feministak Maxixatzenera, bere ibilbidea bukatutzat ematen duela jakinarazteko. Zazpi urteko ibilbidea izan du taldeak, eta herrian "kontzientzia feminista zabaltzea" izan dute helburu, besteak beste. "Harro gaude Azkoitia feministago baten alde egindako lanagatik", azaldu dute.

2015ean feminismoarekiko interesaren bueltan juntatu ginen Azkoitiko eta Azpeitiko lagun talde batek hasi genuen bidea. Hasieran gaiarekiko lanketa eta ikaskuntza pertsonalekin hasi baginen ere, kanpora begirako ekintzetara pasa ginen ondoren, herrian hutsune hori sumatzen baikenuen.

Herrian kontzientzia feminista zabaltzea izan dugu helburu: gai konkretuen inguruko kanpainak, erailketa matxistak salatzeko elkarretaratzeak, M8, M17eta A25 egunetako egitarauak… Aldarrikapen ekintza alaiak izan dira, baita gai mingarriak eta zailagoak ere. Inguruko bortxaketa eta erasoen salaketa eta kontzientziazioa, laguntza eske etorri zaizkigun norbanakoei arreta ematea eta arazo horiek denon ardura direla ikusaraztea ez dira lan errazak izan.

Txikitik, geure alea jartzen saiatu gara herri feministago baten alde. Askoz gehiago egin zitekeen, eta asko dugu egiteko oraindik, baina 2015etik hona herrian feminismoak duen harreran sumatu dugun aldaketak poza ematen digu, eta harro gaude Azkoitia feministago baten alde egindako lanagatik!

Kontzientzia feministaren inguruko hausnarketari eta lanketa teorikoei esker zapalkuntza ezberdinen arteko loturak identifikatzen ikasi dugu. Feminismoa antiarrazista, antikapitalista, antipatriarkala eta antikolonialista izan behar dela ulertu dugu, ahizpatasunean oinarritutako mugimendu transbertsala eta anitza. Emakumeok eta pertsona ez heteronormatibook jasaten ditugun zapalkuntzak aztertu ditugu, baita geuk eragiten ditugunak ere. Feminismoaren eta langile borrokaren arteko aliantza ezinbestekotzat dugu, berdintasunaren izenean feminismoa bigarren mailako arazotzat hartu gabe, arazo konplexuak superfizialki sinplifikatu gabe, mugimendu ezberdinen arteko aliantzak eta sareak eraikitzearen garrantzia ulertu dugu.

Gure aurretik herrian lan egindako feministei esker ona adieraziz amaituko dugu, guk baino inguru arrotzagoan jardun behar izan bazuten ere guri bidea ireki zigutenei. Baita Euskal Herriko Bilgune Feministari ere, bidean laguntzeagatik. Eskerrak Azkoitiko Matadeixeri herriko mugimenduei lekua emateagatik, eta guregana gerturatu diren herritarrei beraien babesagatik.

Espero dugu guk ere goxatuko geniela ibilbidea atzetik etorriko direnei. Hau agur mezua bada ere, antolatu, saretu eta borrokatzera animatzen zaituztegu, esperientzia aberasgarria izan baita guretzat.

Ziur berriro ikusiko dugula elkar oraindik sortzear diren hainbat bidetan, izan ere, iraultza feminista hasi besterik ez da egin!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide