Tratu txarren hirugarren testigantza

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2019ko aza. 19a, 10:03

Sostenipe talde feministak tratu txarrak jasan dituzten lau emakumeren testigantzak publiko egingo ditu azaroan zehar. Honako hau da hirugarrena:

Neska gazte azkoitiar bat naiz, Azkoitian jaioa eta hezia. Ohikoa den bezala eskolan lagunak egin nituen, eta hortik nire kuadrilla sortu zen. Nerabezaro garaian lagunekin parranda batzuk egina naiz, eta tarteka ligatzeko zortea ere izan nuen.

Nire lehen lana taberna batean lortu nuen, gazteen artean ohikoa den bezala. Lanean ari nintzen bitartean ikasketekin jarraitu nuen. Jendeari laguntzea posible den lanbide bat nahi nuen, eta beste aukera batzuk aztertu ostean, erizaintza ikasketak hasi nituen.

Garai hartan mutil batekin harremana hasi nuen. Instagram bidez ezagutu ginen, eta zeharo txoratu nintzen berarekin, baina harremanak espero ez nuen bidea hartu zuen; tratu txarrak pairatu nituen.

Gustatuko litzaidake informazio hau ez izatea beharrezkoa irakurleek nire egoera ulertzeko, baina errealitatea bestelakoa da. Azkoitiarra naiz, baina nire gurasoak atzerritarrak dira, baita nire bikotekide ohiaren gurasoak ere. Hasieratik nire izena esan izan banu, badakit pertsona batzuk jatorriari loturiko aurreiritziak izango lituzketela eta beste modu batera ulertuko luketela niri gertatua.

Nire ama musulmana da, baina modu “nahiko askean” hezi nau, eta nire adineko nesken artean bat gehiago izan naiz; beste neskek egiten zituzten gauza berdinak egin ditut. Nahiz eta jakin nire kulturan alkohola edaten duen neska bat emagaldutzat hartzen dela, —eta gauza bera tabernan lana egitearekin—  nik ez nion guzti horri jaramonik egiten.

Beraz, argi dago ez nituela emakume musulman on baten ezaugarriak bete, eta pentsatzen nuen ezingo nuela nire kulturako mutil batekin inoiz ezkondu, nahiz eta nire barruko grina hori izan. Bi kultura jaso ditut eta nire nortasuna ere bi kulturen arteko nahasketa da. Hori horrela onartuko zuen mutil musulman gazte bat ezagutzearekin egiten nuen amets, baina egia esan pentsatzen nuen horrelakorik ez zela existitzen.

Aurreikuspen guztiak gaindituta agertu zen pertsona hori nire bizitzan. Esan bezala Instagramez ezagutu nuen. Lan egiten nuen tabernara etortzen zen, eta nahiz eta bere inguruko pertsonek nire jarrerak “puta” batenak zirela zioten, berari ez zitzaion hori axola. Nintzen bezala onartu ninduen eta horrek zeharo txoratu ninduen.

Biok ikasketa berdinak egiten ari ginen, eta gainera, batera bizi nahi genuen. Bere familia oso erlijiosoa da eta ezkontzearen tramitea ezinbestekoa zela garbi utzi ziguten. Beraz, modu tradizionalean ezkondu ginen eta ondoren bere gurasoen etxera joan nintzen bizitzera.

Bere familiarekin bizikidetza ez zen ona, bere amarekin ez nintzen ondo konpontzen. Oso emakume matxista da, eta behin eta berriz emakume musulman on bat izateko zer egin behar nuen esaten zidan: gizonari janaria ongi nola prestatu behar nion, etxea nola eduki behar nuen... Beraz, etxetik alde egin genuen eta beste etxe bat hartu genuen alokairuan.

Ez ginen oso erlijiosoak, baina erlijiosoagoak izatearen erabakia hartu genuen. Alkohola eta tabakoa utzi nituen. Berak zapia jantzi nezan nahi zuen, politagoa nintzelako berarentzat zapiarekin, eta besterik gabe, jantzi egin nuen. Maiteminduta nengoen eta berak ni begi horiekin ikustea nahi nuen, baina gauza ez zen zapiarekin amaitu. Instagramen nituen mutil guztiak ezabatu behar izan nituen, nire lagunekin irteteari utzi nion eta gauero mugikorra arakatzen zidan. Denborarekin etxetik irteteari utzi nion, ez zidan amarekin telefonoz hitz egiten ere uzten. Lana garbiketan egiten nuen —berak bilatu zidan lan hori ez zuelako ni jendaurrean egotea nahi—, eta nire laneko dirua zuzenean bere kontura sartzen zen.

Lehen aldiz jo ninduenean ez zen oso gogor izan, bigarrengoan ere ez, eztabaida baten ostean lepotik heldu eta bultzada bat eman zidan. Gauzak ongi arrazoitzen dituen pertsona bat naiz, eta eztabaidetan argudioekin erantzuten dut. Hori berari ez zitzaion gustatzen, eta indarkeria erabiltzen hasi zen. Nahiz eta batera bizi ginen, denbora guztian zeuden eztabaidak edo isiltasun deserosoak. Denboraldi batean egunero behin baino gehiagotan “edo isiltzen zara edo hilko zaitut” esaten zidan.

Behin, bost egun kalean parrandan ibili ondoren etorri zen etxera, ni etxe zuloan sartuta egon nintzen bitartean. Ustekabean bota zidan: “harremana utzi nahi dut”. "Ongi da" pentsatu nuen, eta erdi beldurtuta logelara joan nintzen maleta egitera. Bera ere logelan sartu zen, eta ohe gainean eseri zen. Badaezpada nire aurrean egongo zela esan zidan “zorakeriak” egiten banituen ere.

Askotan esaten zidan zoratuta nengoela. Antsietate atakeak izaten nituen batzuetan, eta bera momentu horietan niri begira geldirik geratzen zen, show bat egiten ari den zoro bat nintzela eta antzerkia uzteko esanez.

Kasu honetan nire “zorakeriaren” arrazoia erabili zuen niri begira egoteko ohean eserita, eta jarraian: “Orain putarena egiteko aukera izango duzu, zu puta bat zara”, bota zidan. Niri horrek ikaragarrizko mina egin zidan, birjinitatea berarekin ezkondu arte gorde bainuen. Ginekologoaren agiri bat eta guzti eman nuen ezkontzara birjina nintzela frogatzeko.

Niretzat hori oso gauza sakratua da, eta ondo zaindu dut. Beraz, bere hitzek ikaragarrizko mina eman zidaten eta eskuan nituen prakak bota nizkion. Orduan iletik heldu, ohera bota eta ni kolpatzen hasi zen. Ni, oihuka, alde egiten saiatu nintzen. Gelatik irtetea lortu nuen laguntza oihukatuz, baina berak harrapatu eta pasilora eraman ninduen, ni kolpatzen jarraitzen zuen bitartean. Ahoan zapi bat sartu zidan eta lepotik heldu ninduen. Momentu horretan hilko ninduela pentsatu nuen.

Bizilagunek atea jo zuten, iskanbila handia ari omen ginen ateratzen; ez zuten erreparatu nire aurpegi kolpatuan, eta entzungor egin zuten laguntza oihuen aurrean. Nire senarra bizilagunei zoro bat nintzela esaten hasi zen, eta eskaileretan behera korrika alde egin nuen. Noraezean nindoan, soinean pijamarekin eta erabat galduta. Anbulatorio parera joan eta han bertan lurrean ziplo geratu nintzen konortea galduta. Anbulatorioan lasaigarriak eman zizkidaten, baina ez nintzen lasaitzen eta ospitalera eraman ninduten. Bertan, nituen ubeldurak nork egin zizkidan galdetu zidaten, etxeko helbidea eman nien eta senarra atxilotu zuten.

Baina, dirudienez, ezin zuten atxilotuta eduki nik ez banuen deklaratzen eta ospitaletik zuzenean deklaratzera eraman ninduten. 03:00etan amaitu nuen deklarazioa, eta hurrengo goizean auzitegira joan behar izan nuen berriro deklaratzera. Ez nintzen ondo deklaratzeko gai izan, oso nekatuta eta lasaigarrien eraginpean nengoen. Ez negoen baldintza onetan deklaratzeko eta gauza asko ahaztu egin zitzaizkidan.

Fiskala ez zegoen presente epaiketan, pantaila batean zegoen. Ez zidaten urruntze baimenaren eskaera onartu. Argudioa ikaragarria izan zen; erasoak etxe barruan izan zirenez, kalean antzeko zerbait gertatzeko arriskurik ez zegoen.

Ofiziozko abokatuari dagokionez, ez zidan bere zenbakia eman ere egin, eta batera eta bestera deika ibili nintzen bere zenbakia lortu arte. Hori gutxi balitz, komisaldegian egin nuen deklarazioa erabiliz erasoaren larritasun testa pasa zidatela jakin nuen juizioaren ondoren.

Test horretan nire egoera arina zela atera omen zen. Esan dut lehen ere momentu horretan ez nengoela deklaratzeko baldintza egokietan, eta momentu hori erabili zuten niri esan gabe ditxosozko testa pasatzeko.

Orain, bi lagunen babespean joaten naiz lanera, bera ikusteko beldurra baitut. Amarekin bizi naiz Azkoitian eta gauzak egiteko gogo handia dut etxe barruan “bahituta” pasa dudan denbora konpentsatzeko. Zoritxarrez, nire lagun sarea ez da lehen zena; harreman honek bakarturik utzi nau. Guztia gutxi balitz, nire “senarra” niri fama txarra jartzen ari da gure komunitatean, guztiei puta bat naizela esanez. Dibortzioa nahi dut, bi familiek joan beharko dute, eta eskolta behar bada eskoltarekin joango naiz. Pasa beharreko zerbait da, baina ez dut bera ikusi nahi.

Orain oposaketetarako ikasten ari da ertzain izan nahi duelako. Nik ere pentsatu izan dut ogibide hori hartzea, baina ezagutu ditudan ertzainak eta gero, iritziz aldatu dut. Pertsona horrek ertzain izatea lortzen badu, uste dut nahiago dudala Marokora bizitzera joatea. Benetan espero dut dituen aurrekariek ez diotela utziko Ertzaintzan sartzen.

Oraindik oso gaztea naiz eta gauza asko egin nahi ditut. Gizarte Zerbitzuetara joan naiz, NANa eta pasaportea berritu ditut edozein momentutan alde egin behar badut ere, eta gidatzeko baimena ateratzeko asmoa dut.

Sostenipe talde feministara gerturatu naiz nire ahotsa norbaitek entzun dezan. Justizia egitea ezinezkoa den arren, sentitzen nuen zerbait nuela esateko. Eskerrik asko entzuteagatik, beste askok egin dutena baino askoz gehiago da hau irakurtze hutsa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide