Tratu txarren bigarren testigantza

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2019ko aza. 11a, 09:46

Sostenipe talde feministak tratu txarrak jasan dituzten lau emakumeren testigantzak publiko egingo ditu azaroan zehar. Joan zen astean kaleratu zuen lehenengoa, eta honako hau da bigarrena:

Irakurriko duzuen testigantza Tinder aplikaziotik ezagututako gizaseme batek hasi zuen, berarekin geratu eta bortxatu egin baininduen.

Ni shock egoeran nengoen, zer gertatu zitzaidan ulertu ezinik. Hala ere, une horretan nuen ardura nagusienetariko bat zen ea erasotzaileak gaxotasunen bat transmititu zidan edo haurdun utzi ninduen. Horregatik, Zumarragako ospitalera jo nuen nire lagun eta bikotekidea zenaren babesarekin. Egin zidana azaldu, eta sexu bidezko gaixotasunen probak egitea eta hurrengo eguneko pilula eskatu nituen. Nire harridurarako, salaketa bat jarri beharko nuela esan zidaten.

Nik ez nuen halako prozesurik hasi nahi. Beraz, handik alde egitea erabaki nuen eta Beasaingo anbulatoriora abiatu ginen, behar nituen probak egingo zizkidatelakoan han. Bidean gindoazela, ertzainen telefono dei bat jaso nuen, non nengoen galdezka; Zumarragan zain nituela, eta hara joan ezean, nire bila etorriko zirela esan zidaten. Dirudienez, Zumarragako ospitaleak salaketa prozesua martxan jarri zuen, nire oniritzirik gabe eta niri abisatu gabe.

Benetan gogorra izan zen ospitalera bueltan gertaturikoa. Bost orduz isolatuta eduki ninduten, probarik egin gabe. Gelan bakarrik nengoen, babesik gabe, eta salaketa bat jartzeko presioa sentitu nuen.  Egoera bere horretan nahiko surrealista ez, eta bost ordu horietan jasan nuen tratua ere zen batere egokia izan. Minduta eta galduta nengoen momentu hartan, eta era ulerkor eta babesgarri batean tratatu beharrean, neure burua zalantzan jartzen zuten iruzkin eta galdera mingarriak egin zizkidaten.  Gertatu zitzaidanarekin zerikusirik ez zuten galderak egin zizkidaten:  “Zure bikoteak zer dio beste mutil batekin geratzearen inguruan?; “zer musika mota entzuten duzu?”, “baina hori bortxaketa bat izan al da? Ah bai, bada”; “zuk salatu nahi al duzu? Beste neska bat daukagu egoera berean zain, eta ez dugu denbora zurekin galtzerik nahi”; “zer dira besoetako marka horiek?; zu ez zaude ondo, ezta?”. Gertatu zitzaidanaren errua nire egoera psikologikoarena eta pertsonalarena zela zirudien. Nire hitzak zalantzan jartzen ari zirela sentitu nuen.  

Ospitalera heldu nintzenetik, ez zidaten denborarik utzi gertatutakoa digeritzeko eta salaketa bat jarri nahi al nuen edo ez hausnartzeko. Ez zidaten esplikatu ere egin halako prozesu batean murgiltzea zer den. Bost ordu horiek igaro ondoren, etxera joatea zen nahi nuen gauza bakarra; eta hori egin nuen.

Hurrengo egunean, salaketa ez nuela jarri nahi gogoan, arropen bila joan nintzen, eta halakoak bota zizkidaten: “Ez gaitzazu mareatu”. Berriro diot, nik, hasieratik, ez nuen salaketarik jarri nahi.

Eta, galdetuko duzue zer pasatu zen sexu bidez trasnmitutako gaixotasunen probekin. Gertatutakoa eta  hilabetera izan nuen kemena familia medikuarengana joan eta proba horiek egiteko. Eta, ospitalean eman ez zidaten hurrengo eguneko pilularekin, zer? Ez nuen hartu, indarrik gabe utzi ninduten.

Salaketak aurrera jarraitu zuen, bortxatzaile berak biktima gehiago ere bazituelako. Eta orain, epaiketa azkar baten zain dago. Tamalez, egun hori iristen denean, testigantza ematera joan beharko dut, bestela, poliziak nire bila etorriko dira. Berriro ere guztia biziaraziko didate. Bortxatzailearen aurpegia berriro ikusi beharko dut. Nahi edo ez nahi.

Zuei hau kontatu baino lehen, niri gertatutakoa hain larria ez zela pentsatzen nuen. Baina orain ari naiz ohartzen benetako larritasunaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide