Tratu txarren aurreneko testigantza

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2019ko aza. 4a, 10:49

Sostenipe talde feministak tratu txarrak jasan dituzten lau emakumeren testigantzak publiko egingo ditu azaroan zehar. Honako hau da lehena:

Duela urte batzuk Azkoititik Galiziara joan nintzen bizitzera, eta han bikote harremana hasi nuen mutil batekin. Harremanak hasieratik gorabeherak izan bazituen ere, ni oso maitatua eta zaindua sentitzen nintzen berarekin. Denbora behar izan nuen egoera askotan emozionalki manipulatzen ninduela ohartzeko. Esaterako, lagunekin ateratzea nahi nuenean edo nire familiarekin egoteko gogoa nuenean, xantaia egiten zidan berarekin gelditzeko. Batzuetan haserretu egiten zen, eta horrek balio ez zionean negar egiten zuen (bere iraganeko egoera traumatikoak kontatzen zizkidan nik berarekin enpatizatzeko eta berarekin gelditzeko). Pixkanaka, indarkeria psikologikoaz gain indarkeria fisikoa erabiltzen ere hasi zen.
 
Behin kalean oinez nindoala, atzetik jarraitzen hasi zitzaidan. Aurrera jarraitu nuen bakean uzteko eskatuz, baina ez zidan kasurik egiten. Ez nekien zer egin, beldur handia eta inpotentzia sentitzen nituen, baina gelditzea ez zen aukera bat. Halako batean, Guardia Zibilak ikusi nituen, eta haiengana gerturatu nintzen. Esan nien nire bikotekidea atzetik nuela eta beldurtuta nengoela. Niri begira geratu ziren, eta “zer nahi duzu ba guk egitea?” esan zidaten. Beste pare bat alditan ere gerturatu nintzen Guardia Zibilarengana laguntza eske, baina nik kontatua auzitan jarri zuten. Nik ez nuela nahikoa arrazoi eta froga sentiarazten zidaten, denbora galtze bat nintzela beraientzat. Harremanak hiru urte iraun zituen. Asko kostatu zitzaidan amaiera ematea, egoerari aurre egiteak arazoak ekarriko zizkidala banekielako eta “bere txarrena” aterako zuelako.

Bere buruaz beste egiteko mehatxuak egin zizkidan, eta bere azken hitzak “itsasora joan aurretik zurekin agurtuko naiz” izan ziren. Izan ere, ni Azkoitira itzultzekotan nintzen eta berak itsasora joan behar zuen lanera. Oso ondo nekien hitz haien atzean zer zegoen, eta Azkoitira nire bila etorriko ote zen beldur nintzen.

Azkoitira iritsi nintzenean, emozionalki oso momentu gogorra ari nintzen pasatzen, antsietateak jaten ninduen eta harreman toxikoa bizi izanaren ondorioak oso presente zeuden. Nire bila etorriko ote zen beldur nintzen, mugikorrera mezuak bidaltzen jarraitzen zuen. Egoera hartan nintzela, Sostenipeko neskengana jotzea erabaki nuen; Ertzaintzara joan nahi nuen salaketa jartzera, baina beldurra ematen zidan bakarrik joateak.

Sartu aurretik tentsioan nengoela gogoratzen naiz, aurretik bizi izan nuen egoera guztiarengatik eta berriro gauza berari aurre egin behar izateagatik. Ertzain-etxera sartu ginenean guztiok identifikatu gintuzten; egoera oso hotza izan zen. Egoera haren aurrean nahiko galduta zeudela ematen zuen, zer egin oso ondo ez zekitela, eta bi aukera eman zizkiguten: beste momentu batean itzuli edota bertan zegoen emakume ertzain batekin elkartu. 

Ertzainarekin elkartzea erabaki nuen. Pertsona hura nahiko takarra izan zen lehen momentutik. Gela batera sartzera gonbidatu gintuen, eta atea indarrez itxi zuen. Ondoren, bere aulkian eseri eta aurpegira begiratu ere egin gabe, ordenagailuan idazteari ekin zion: “Zuetako nork ipini behar du salaketa?”, galdetu zuen. Ondoren galdera gehiago egiten hasi zen, modu agresiboan eta erantzuteko tarterik eman gabe. 

Egoera horretan dagoen edonori kostatu egingo litzaioke hitz egitea, eta oraindik eta gehiago jarrera horrekin. Mugikorrean nituen mezuen inguruan hitz egiten hasi nintzen, eta berak berehala moztu ninduen, zer esanez: "Zer dituzu, mezuak? Soilik mezuak?”. Txorakeria horiengatik ez dela bertara joan behar esanez bezala. Gero nik esaten nuena zalantzan jartzen hasi zen: “Nola dakit nik hau egia dela?”, alegia berak egia zela egiaztatu behar zuen aurrera jarraitzeko. Blokeatuta geratu nintzen, oso txiki sentiarazi ninduen, antsietate atakeak eman zidan eta komisaldegitik atera behar izan nuen.

Handik egun batzuetara berriro saiatu ginen. Gizarte Zerbitzuetako langilearekin hitz egin ondoren, gai horietan aditua zen norbaitekin hitzordua hartu genuen. Berriro komisaldegira sartu ginen, gertatutakoa kontatua nion, eta hark ertzain hura salatzeko aukera nuela esan zidan –nik hori egiteko nahikoa botere ez nuela sentitu nuen–. Aurrekoarekin alderatuta, ertzain honengandik jasotako tratuak ez zuen zerikusirik. Tratu ona eskaini zidan, lasai hitz egin zuen nirekin eta egoera azaldu zidan. Salatu nahi banuen psikologikoki ondo egon behar nuela esan zidan, prozesu horretan behin eta berriz auzitan jarriko zutelako nire hitza eta erantzuteko indarra izan behar nuelako. Bestalde, nituen frogekin egoera “arin” moduan sailkatuko zutela esan zidan –galdera batzuen bidez test bat egiten dizute, eta test horren emaitzaren arabera neurtzen dute zure egoeraren larritasuna–.

Kasu onenean ere, bigilantzia jartzea lor nezakeela –astean behin-edo ertzainak nigana agertuko lirateke ondo nagoela egiaztatzera– eta larrialdi deiak egiteko mugikor berezi bat izan nezakeela eskura esan zidaten. Ertzain hark nik neure buruarekin lanketa bat egiteari eman zion garrantzia, psikologoarena joatea eta mugikorreko zenbakia aldatzeko aholkatu zidan

Hori gertatu zenetik pare bat urte pasatu dira, nire bikotekide ohiarekin topo egin izan dut eta ez naiz batere babestua sentitu. Berak nirekin obsesionaturik jarraitzen du, eta duela gutxi berriro dei galduak egin zizkidan. Erraiak mugitzen zaizkit ikusten dudan bakoitzean, eta berari ere bai; baina berak ez du beldurrik, eta nik, aldiz, bai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide