Eskualdeko eragile anitzen oharra eraso sexisten aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2018ko eka. 12a, 10:20

Urola Kostako eragile ezberdinek deituta, kontzentrazioa egingo da ostiralean Azpeitiko plazan, 18:30ean. Erasotzaileak gure herrietatik kanpora lemarekin bat egingo du Sostenipe Talde Feministak eta elkarretaratzera joateko deia egin nahi die herritarrei.


Gaurkoan, Urola bailarako norbanako eta eragile anitzak elkartu gara gure herrietan ematen diren sexu erasoak gaitzetsi eta erantzuna emateko asmoz.

Eraso bat gertatzen denean, erasotzaileaz gain, berau babestu eta justifikatzen dutenek ere, ardura maila altua dutela argi dugu. Konplizitate honekin apurtu eta eraso sexistekin amaitzea denon ardura da. Gure ardura da.

Eraso sexistak baina, ez dira kasualitatez gertatzen, ez dira kasu isolatuak. Jendarte matxista oso baten erakusleak dira, jendarte patriarkala hezurretaraino sartua dugunaren adierazle. Hasi instituzioetatik eta kaleko egunerokoraino, denon ardura da jendarte hau denontzako bizigarria izango den espazio bihurtzea.

Erasoen auziari sozialki heltzen hasteko garaia da. Emakume zein oro har maskulinoak ez diren sexualitate ororen aurkako irainekin amaitzeko eta erasotzaileek izaten duen babes sozialarekin amaitzeko garaia iritsi da.

Horregatik, emakume guztiei dei egiten diegu, elkarren arteko aliantzak egin eta autodefentsa praktikan jartzera. Ausartak gara eta libre izan nahi dugu.

Gainera, uda garaia iritsi zaigu. Gure herrietako festak gainean ditugu eta erasoa edozein izanik ere, identifikatu eta salatzea dagokigu. Goazen herritarrok erantzukizuna hartu eta guztiontzat eta guztionak diren jaiez gozatzera.

Erasotzaileak ez ditugulako gure artean nahi. Ez ekintza hauek bultzatu eta babesten dituzten jokaerak ere. Eraiki dezagun errespetuzko errealitatea, babestu gaitezen baboso eta erasotzaileen aurrean. Ez izan konplize!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!
ERASOTZAILEAK GURE HERRIETATIK KANPORA NAHI DITUGU!

ESKUALDEKO ERAGILE ANITZAK

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide