Martxoak 8 emakume langileon eguna

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2018ko mar. 6a, 11:32

Emakume langileez ari garenean lana egiten duten emakume guztietaz ari gara, bai lan produktiboaz eta bai lan erreproduktiboaz, bai soldata dunaz eta bai soldata gabeaz.

 

Denbora da emakumeok lan munduan gaudela, baina oraindik lanpostu berdinagatik %30 gutxiago kobratzen dugu, eta gainera lanaldi bikoiztua dugu. Izan ere, “lanetik” irten eta lanean jarraitzen dugu. Europan emakumeok batazbeste astean 26 orduz egiten ditugu lan ordaindugabeak, gizonek berriz 9 orduz. Beraz, lan ordainduan berdintasunik ez egoteaz gain ikusten ez diren eta ordaintzen ez diren lanen ardura dugu.

Gure sistema kapitalistan lan hauei baliorik ematen ez bazaie ere bizitza sostengatzen duten lanak dira, hau da, oinarrizko beharrak asetzeaz arduratzen direnak: janaria, pertsonen zaintza, arropa, ingurukoen behar emozionalak… Hauen zaintza bermatu gabe, lan erreproduktibo hau gabe, ezingo zen gure jendartean horren baloratuta dagoen lan produktiboa egin.

Emakumeok sistemaren bizkarrezurra gara eta nazkatuta gaude gainean daramagun pisuaz. Horregatik planto egingo dugu! Gu gelditzen bagara mundua geldituko da! Emakume guztiok animatzen zaituztegu lan hauek egun batez uztera!

Badakigu zaila dela janaria prestatu gabe uztea, pertsonen zaintzan oinarritzen diren lanak uztea, lanpostu prekarioetan greba egin nahi duzula esatea… Badakigu eta hori horrela izatea oso esanguratsua da. Lan hauek uzteak ezinezkoa badirudi sistemaren oinarrian daudelako da, honek erakusten digu ezkutuko lan hauek direla garrantzitsuenak.

Aldarrikapen hauekin bat egiten duzuen gizonezkoon papela emakumeei greban parte hartzeko bidea erraztea da, beharrezkoak diren ardurak eta lanak hartuaz.

Egun honetarako antolaturiko ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide