Sostenipek 'Women in black' ekimena eta elkarretaratzea gauzatu ditu azaroaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2017ko aza. 25a, 17:36

Indarkeria matxistaren aurkako egun honetan erailak izan diren emakumeak ditugu gogoan, erailketa, bortxaketa eta eraso ororen aurkako hitzak ezpainetan. Izan ere, (sasi)berdintasunaren garai hauetan genero indarkeriak bizirik jarraitzen du. Berdintasunaren isla faltsu honek itsututa “berdintasuna lortu dugu” entzun ohi da jendearen ahotan. 

 

-  Aurten 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian (beren bikote, bikotekide-ohi edo gertuko gizonek).
 
-  4519 salaketa jarri dira indarkeria matxistagatik EAEn.

Bada garaia zifra lazgarri hauei duten garrantzia emateko!! Erailketa edo eraso bakar bat gertatzen ez den eguna iristen den arte lanean jarraitu behar dugu! 
 
Genero indarkeriarekin amaitu nahi badugu sustraietatik hasi behar dugu, jendarte heteropatriarkal honen sustraiak erre behar ditugu, genero indarkeria ahalbidetzen duten jarrera eta pentsakerak errotik moztu! Etxetik hasi, jarrera matxistak identifikatu eta aldatu! Bestela, ezer egin ezean, biharko maltratadoreak hezten jarrituko dugu. Indiferentziak heteropatriarkatua elikatzen jarraituko du, beraz, esan ozen ez dugula eraso bakar bat gehiago ere onartuko! 
 
Atzo gauean emakumearenganako indarkeria matxistaren isla adieraztea helburu zuten esaldiak ipini genituen Azkoitiko kaleetan zehar, egunerokotasunean zenbat jarrera matxista izan ohi ditugun inguruan ikustarazteko, askotan konturatu ere egin gabe irensten ditugun erasoak. Emakumeen indarkeriaren aurkako eguna gaur da, izen ofizialez bai, baina egunero jasaten ditugu gureganako erasoak. Horregatik emakumeenganako indarkeriaren aurka egunerokotasunean borroka egin dezazuen nahi dugu, gaur egindako adierazpena, urteko 365 egunetara zabaldu behar dugu!
 
Gaurkoan beltzez gatoz, indarkeria matxistaren adierazpen bortitzena irudikatzeko. Beltzez, erail dituzten emakumeak modu sinbolikoan omenduz, beraien bizipenak ahaztuak izan ez daitezen. Jasateko prest ez gauden indarkeriaren aurkako aldarrikapena da gaurkoa.
 
Gaur eta hemen, Azkoitiko plazatik eta Euskal Herriko beste plaza guztietatik, ozen esan nahi dugu emakumeok prestatzen ari garela, elkarrekin indartsuago egiten ari garela, inposatu diguten emakume eredua apurtzen ari garela, ez garela sumisak, ezta biktimak ere, geure burua defendatzeko gai garela, ez daukagula beldurrik, hortzak zorroztuta ditugula eta erantzuteko prest gaudela.
 
Aski da, ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE! 
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide