'K-baret' ikuskizuna bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Bigoterik Gabea Antzerki Taldea 2019ko urr. 22a, 15:02

K-baret ikuskizuna martxan da, berriz ere. Lan taldeko kideen joan-etorriak direla eta, parte hartzeko pertsona baten bila dabiltza.

Bigoterik Gabea Antzerki Taldeak martxoan estreinatu zuen K-baret Antzerki Musikala. Urolara iritsi ziren argi gorriak, purpurina, dantza ikusgarriak eta Parisko edota edozein hiritako gau giroa. Antzerki musikalak Azkoitian eta Azpeitian eskaini zuen ikuskizuna eta udako atsedenaldiaren ostean, K-bareteko argiak piztu dira, berriz ere.  

Denboraldi berriari hasiera emanda, lantaldea martxan jarri da. 2020an emanaldi gehiago egiteko asmoz, gogotsu dihardute lanean. Talde gaztea izaki, batzuen eta besteen joan-etorriak aldaketak eta hutsuneak ekarri ditu, eta, horregatik, K-baretean gogor lan egin eta gozatzeko prest dagoen norbaiten bila dabiltza. Bilatzen ari diren profila gizonezkoa eta 16 urtetik gorakoa da. Hala ere, K-baretak ez dizkio inori ateak ixten eta antzerkiaz, musikaz eta dantzaz gozatu nahi duen edonork izan dezake Bigoterik Gabea antzerki taldeko kideekin hitz egiteko aukera. 

Ongi etorri K-baretera! 

Denok dugu amets bat. Ameslariek bat baino gehiago, zerrenda luzea dute eta ia denok amesten dugu egunero, nahiz eta ez garen gogoratzen. K-baretean norberak bere helburu zehatzak baditu ere, denek elkarbanatzen dute amets bat: K-baretaren parte izatea, abestea, dantzatzea eta denbora labur batez bada ere, ‘farandulaz’ bizitzea, pelikulako errege eta erregina sentitzea.   

Istorio zirraragarri baten hasieran gaude. Oihalaren atzean duela ehun urte ireki zen taberna bat daukagu. Inguruko onena izan zen, baina denborarekin gauzak aldatu eta ateak itxi behar izan zituen. Egia esan, bere jabeak penarik gabe itxi zuen taberna, beste hainbat negozio baitzituen eta dirua soberan. Gaur egun, bere alabak dira lokalaren jabeak, aita hil egin baitzen. Urte asko daramatza itxita, baina gauzak aldatzear daude.   

Hogeita hamar gazte inguruk osatzen dute K-bareta: dantzariak, abeslariak, aurkezlea, garbitzailea, jostuna, aretoaren jabeak, etab. Urte askoren ostean, antzokia K-baret bihurtu eta arrakasta izatea da haien helburua, baina badira bidean harriak jartzen dizkietenak ere. Ameslariak, beldurtiak, faltsuak, perfekzionistak, harroputzak, zoroak, maitagarriak, urduriak… Perfil ezberdinetako pertsonek osatzen dute ametsetako mundua, baina amets berari jarraiki dihardute lanean. Maitasun istorioak, haserreak, pozak, iruzurrak… dena biziko dute, musikaz gozatu eta gozarazteko asmoz.  

K-bareteko gazteak larunbatero elkartzen dira Baztartxo antzokian txandala jantzita, hurrengo hilabeteetako hainbat zapatu iluntzetan galaz jantzi eta oholtza gainera igotzeko asmoz. Honenbestez, hilabete gutxi barru K-baretak ateak irekiko ditu, berriz ere. Eta oholtza azpitik gozatzeaz gain, izango da agertoki gainean gozarazteko aukera ere. 16 urtetik gorako gizonezkoa bazara edota gustura antzeztuko lukeen norbait ezagutzen baduzu, idatzi antzerkimusikala@gmail.com helbide elektronikora.    

Welcome to K-baret! Ongi etorri K-baretera! Ahaztu errealitateaz eta egin dezagun jauzi ‘farandularen’ mundura, abestu, dantzatu eta goza dezagun, bizitza K-baret bihur dezagun! 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide